HIMALAIAN HIRU KOLORE



2006/12/18

MENDIETAKO LILURA

Hango mendietako lilura etortzen zait batzuetan gogora, eta bat-batean berriz ikusi nahi ditut, hor, ikutuzkoak balira legez.


Broad Peak (8.047 m). Betiko ametsa.

Gasherbrum mendikatean, IVa ezartzen zaigu begien aurrean Baltoro glaziarrean gora egiten dugularik. Ero batzuen amets ezina, edertasunean margozturik beti.

Paregabekoak ilunabarrak. Mendietako puntek zerua orrazten dute arratsaldero.
Hipnosis xelebrea jazoten zaiguna. Betierekotasuna soma liteke.

2006/11/09

BESTELAKO ALTURAK

Oxigenorik gabeko altura, fisikoagoak diren beste batzuekin trukatu dugu bolada batez, udazkena sasoi onenetakoa baita eskaladarako. Amildegiak eta hauek sortzen duten hustasunaren sentsazioak dira erakargarrienak. Inoiz menperatuko ez dugun ingurua bada ere, hor askatasuna ere senti daiteke. Gorako mugimenduetan, indarrezko jarreretan antzematen dugu gure barneko mugarekiko borroka. Lortuz gero poztasuna, horrela gertatzen ez bada, sustoa. Grabitateak ez baitu urrikalpenik. Urriaren 28 eta 29an Riglos eta Ansaberen izan ginen Jordi eta biok Candi eta Fernadorekin, Cho-Oyuko lagunak.

Riglos-eko Fire-k, dituen 350 metrorekin errepetu handia sortu digu beti.


Fire handiaren labirintoetan zehar. Rabada-Navarro bidea zoragarria da lagunekin.

Tontorrean, zazpi orduren buruan, egarrituta baina pozarren. Candik atera digu argazkia.

Pagaditik hurbil egin dugu lo, izarrei begira, gaueko zaratak entzuten. Eguzkiak argia ekarri du paraje harrigarri honetara. Bestelako amildegiak Ansaberen. Montaner bidea hautatu dugu puntaraino joateko.

Diedro eta zeharkaldi zoragarrietan gora goaz, eskaladak eragiten digun izerdi dezente botaz. Asteburu ederra. Gozatu dugu gutxitan ez bezala.

2006/10/10

JENDEA, LAGUNAK, MENDIAK, OROIMENAK.

Jendea, lagunak, mendiak, oroimenak... denetarik izaten da espedizio hauetan.
Zerrenda luzeak egin litezke, oroitzapen bildumak, begiraden pilaketak, sentimenduen metatze hutsak, eta hauxe guztia hemen jarri arren, askozaz ere gehiago da mendiak ematen dizuna.


Hidden Peak.


Serap Jangbu Sherparekin. Cho-Oyun ezagutu nuen. Indartsuena indartsuenetan.
14 handiak egiten lehen sherpa izango da seguruenik.


Krzysztof Wielicki alpinista famatu eta atseginarekin.


Sadiq, Asheraf eta Nadim. Baltoroko mafia. Gure sukaldariak.


Talde osoa. Lagunak.


Geu. Pepe, Jaume eta hirurok. Himalaiak batu gaitu.


Neu.


Pepe izotzezko kaosean.


Beroa kentzeko igerilekua ere bagenuen!


Baltoro Kangri ilundu orduko.

K2 altua.

Ibilaldi luzeen osteko atseden lasaia. Sasoi baten amaiera.

2006/09/21

EGUNAK HITZ-GOMUTETAN

Uztailak 26. Paiju
Astalarrosak kolore bizia ematen diote Paiju tokiari. Atzo heldu ginen bero itolarriarekin, eta neuk, goizetik abandonatu ez ninduen buruko min tematia ere ekarri nuen. Arratsaldean joan zitzaidan eta pozago aritu nintzen. Gaua ere ez zen makala izan. Afaldu ostean, Asheraf-ek danborra hartu zuen eta jotzen hasi zen. Bere inguruan porterrak metatzen hasi ziren. Ikusgarriak, oso politak izan ziren egin zituzten dantzak. Han ibili ginen guztiok, eurek eginiko mugimenduak imitazio negargarrian baina pozik. Iban batez ere, bere urtebetetzea baitzen. Alde hartako txano bat izan zuen opari. Musika horrekin hartu ninduen loak.
Gaur, 04:30ean esan nengoen baina 05:00etan altxatu naiz. Sukaldera joan eta hortxe hartu dut lehen kafetxoa, bero-bero, ixil-ixilik, goizaren lehen murmurioari adi-adi.
Gaur deskantsu eguna da hemen porterrentzat, eta horrexegatik, adosturik genuen altura pixka bat hartu behar genuela, eta halaxe egin dugu. Piju Peak erraldoiaren maldetan gora abiatu gara 4500 m-taraino. Ondo egon da eta nekea, altueraren nekea sentitu dugu.
Kanpamentura iritsi, arropa eta gorputza garbitu eta askoz hobeto sentitu gara.
Egun politak Paijukoak.

Ekainak 3. Kanpamentu Nagusia
Arnas faltarekin batera bakea da gehien sentitzen dudana. Gaur bero larregi egin du siesta behar bezala egiteko eta ibiltzera joan naiz, beleak bezala alderrai, eta bakea izan da sentitu dudana.
Goizean, betiko lez, lehena izan naiz altxatzen. 06:30ean banengoen Sadiq eta Asheraf bikotearen dendan gosaria prestatzen laguntzen. Nik kafea hartu bitartean, eurak “puri”-ak egiten ziharduten. Eguzkiak lehen izpi beroak jaurtikitzen zituen eta argitasun horren pean argazki batzuk atera dizkiet.
Bihar goaz gora berriz. Egurra jasoko dugu, gorputza matxakatu!
Ekainak 22.
Gaur tontor eguna izan da lagunentzat. Albeto Zerainek tontorretik deitu du. Hunkitu gara, naiz. Orain gure txanda izango da. Egun politak ditugu aurretik, Ametsak betetzeko garaia.
Fuerte gaude. Aurreko egunetan 7000 metrotan jarri dugu gure III. kanpamentua. Hotz ikaragarria, haizea eta elurrak egin ziguten harrera han goian. Bertatik, gailurra ukitu daiteke baina aklimatazioa burutu behar genuen eta handik nagusiraino bajatu ginen eguraldi onaren zain.
Orain, urduri, atsedena hartu, ondo jan eta gora berriz, tontorrerainoko bidea burutu arte, hango aire hotz eta fin horrek inguratu arte.
Inshallad!

Chogolisaren buru zuria eguna urratzean.

Hidden Peak argitasun ahulpean, bere edertasun guztia erakutsiz.

2006/09/19

GOMUTAK HITZETAN

-Bidean argazki pilo bat atera dut, eta argazki pilo bat galdu dut begiradarekin.
-Rakaphosi mendia ikusi dut urrunetik. Ikaragarri zorrotz eta zuria da. Nanga-Parbat berriz, zabal-zabala eta handia. Handiegia, akaso.
-Errekaz bestaldean bidexka mehe batzuk ikusten ziren. Hortik jendea pasatu den seinale. Nora joan nahi dute malda piko eta lehor horietatik gora? Zertara?
-Bidean, umeek agur esaten digute eskutxoagaz, beno, mutilek soilik, neskatoek begiratu baino ez dute egiten burua tapatzen duten bitartean.
-Askole, goizeko 05.00etan. Argituta dago eguna, eguzki eta guzti. Zamaketari guztiak prest lanari ekiteko.

-Asheraf da gure sukaldeko pintxea. 22 urte. Gulam du abizena. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Nadim da bere anaia. Hauek biak Sadiq sukaldariaren aginduetara ibili dira. “The King of Baltoro” dio berak.
-Hurbilketa ibilbiderako 48 zamaketari daramatzagu. Bakoitzak 25 kilo gehienez. 90 dolar kobratzen dute 7 edo 8 eguneko lanarengatik, Askoletik- K. Nagusiraino. Izerdi patsetan doaz guztiak, nekatuta baina pozik lana baitute, batzuk gaixorik baina alai, lana baitute.

-Gerizpean gaude. Paiju Peak-eko granitozko orratzek eta duen altuerak ostentzen digute eguzkia, eta agian ezkertzekoa da, egunean zehar bero dezente egiten baitu. Baina ezin du galarazi aurreko mendietako malden zuritasuna. Gaur hodeiak datoz.
-Mendi altuak gero eta altuagoak, gero eta hurbilagoak.
-Gore II izeneko parajean lotu gara gaua pasatzeko. Hotza. Benetakoa. Sardina lata batzuk hartu ditut eta zamaketarien harrizko eta plastikozko etxoletara joan naiz ematera. Beti ari naiz gaileta, barritaren bat ematen goseturik daudelakoan. Eurek, “bojot bojot sukria”, mila esker, esaten didate. -Kanpamendu nagusian Hidden Peak gure buru gainean dago beti. Altuegi, harro, handi, inguruaren jabe. Orain elurra hasi da. Lasterka zoroan jausten dira malutak oihalean behera.
-Arratsaldeko argitasun ahularekin mendiok azukrezkoak dirudite. Zein ederra!

-Glaziarreko pitzadurak sakonak dira, sakonegiak. Beldurra ematen didate. Egunetik egunera zabalduz doaz, handituz. Hemen dago G. Barandiaranen mundu arrakalatua!
-Zauri bat atzamarrean, azkazala zabalik beste batean, mina belaunean, behatzetan tiritak, bizkarra nekatuta, sudurra odoldutik eta aste bete nire gorputzaren garbiketa egiten ez dudala.
-Bele bi elurraren gainean. Elurra egiten jarraitzen badu ere, beren lumak ez dira zuritzen.
-Esnatzen naizenetan, txori baten txio tematia aditzen dut, baina batez ere, glaziarra urtzen entzuten dut. Ura doa bere zainetan, ur zaratatsu eta nekaezina.
-II. kanpamenduan galtzontziloetan egon gara denda barruan, 45º gradutan. Kanpora atera naiz freskuraren bila. Berdin. 6400 metrotan eta erdi biluzik. Kiskalita nago. Beroa jasanezina da!
-Eguzkia badoa, hotza badator eta berarekin batera isiltasuna. Neu ere isilik. Nire hatsak forma hartzen du orduan.
-Goizetan, armiarma batek kurritzen du nire dendaren oihala. Lasai doa, gora eta behera, pentsakor, neu bezala.
-Bat-batean, denda okerturik agertu da elurraren pisupean. Pala hartuta arindu diot nekea. Elurra etorri da berriz. Kendu eta etorri, dena estali nahian.
-Nadim-en seme-alabak Amna eta Willy deitzen dira.
-Oinak erabat izozturik dauzkat elurra agertu denetik. Zakuan baizik ez ditut berotzen.
-Emozioa dabil gaurko egunetan airean. Jakin barik, zergatia ez dakidala, musika entzuten ari nintzela, negarrez hasi naiz. Agian, tontor hori desiratzen dudalako, agian argazki plastifikatu horretatik maite nauzuelako, agian dena eskura dudalako, edota agian, ez dudalako ezer.
-Imajinazioa isuri egiten zait eta inoiz bizi izandako ikusten dut perfektamentien. Etorkizuna izango ote da?

-Andoni puntara iritsi da. Pozik dago. Arima bikoizturik dauka, beteago sentitzen da orain, ia hegan.
-Ekainak 29. Niretzat dezepzioa. Egun pasa. Tristea, sinplea. Etxerako gogoa. Gaixoturik, abailduta, desastrea.
-Gondogorotik buelta. 8 eta 12 orduko paseoak egun bitan. Glaziarrak hemengo autopistak dira, luzeak, luzeegiak. Dagoeneko zirrikitu guztiak ikasi ditugu. Argaldurik goaz berdetasunerantz.
-Hushe herrian Marron, Juanito eta Edurneren animuak eta besarkadak. Hobeto goaz.
-Skardun gogaitu, Islamabad-en ondo jan. Etxean abuztuaren 11an. Dezepzioak jarraitzen dit.

2006/09/13

GOMUTAK IRUDIETAN

Nire gomutak ezberdinak dira, batzuk. Anitzetan, gomutak irudi bilkatzen dira eta alderantziz ere bai. Ikusten dituzun irudiek zure gomuten apalategietan hartzen dute leku. Memoriaren labirintoa horixe baita, labirintoa.

Glaziarrean gora, beroak itota, betiko lez. Atzean Hidden Peak agertzen zitzaigun beti, begirale zorrotz.

Bizi izan ez dudana. Mikel 4. kanpamendua igarota, tontorrerako egunean.


Baltoro Kangri mendi kaotikoa. Forma bitxiak agertzen ziren mendi arriskugarri honetan. Elur-jausiak atengabekoak ziren.

Josu eta Mikelentzako azken metroak. Hortxe, hortxe dago gailurra. Mundua zure oinetan.

2006/09/06

DEZEPZIOA

Hauxe da ezpainetara etortzen zaidan hitz bakarra. Gailurrik gabe bueltatzen zareneko giroak eskaintzen dizun hitza.
Dena joan zen ederto azken saiakera arte. 7000 metrotan jarrita genuen gure denda txikia eta basera bajatu ginen azken saiotxoaren aurreko deskantsua hartzeko. Gorako eguna etorri zenean Pepe gonbitoka hasi zen. Urteak ez zuela okarik egiten zioen tristurak jota. Beheranzko gogor batek ere hartua zuen. Lehen ezbeharra Jaume bere soka-lagunarentzat. Pepek ezin zuen gurekin etorri, ahiturik zegoen. Hala ere glaziar madarikatu horretan zehar abiatu ginen. Iban ere gurekin zetorren Jaume tematiak animaturik, baina berarentzat ere kale. Botaka hasi zen glaziarrean bertan. “Ezin dut motxilarekin” esaten zidan. Zerbait apurtu zitzaidan barruan, krak, buelta hartzen ikusi nuenean.



Azken animoei lotuta 1. kanpamentura heldu ginen desastre guztiak amaiturik zeudela pentsaturik. Buruko min itzel batek hartu ninduen ni orduan. Ezin kendu egun osoan zehar. Botika larregi hartuta ere ez zen joan. Agusti medikuak esan zidan ahalik eta lasterren jaisteko baina nik indarrik gabe sentitzen nuen gorputza eta gaua bertan ematea erabaki nuen, kosta lain kosta. Biharamunean, minaren intentsitatea suabeagoa bazen ere nire gorputza abaildurik zegoen, hauts eginda. Nekez ailegatu nintzen infernuko glaziarraren ertzeraino, Peperen besoetan negarrez urtzera, hantxe ikusi bainuen tontorrak kranpoietatik ihes egiten zigula.
Eta halaxe izan zen. Hain erreza zena, hain argi ikusten genuena dezepzio bilakatu zen.
Gero, Carlos Pauner-en hitz hauek topatu ditut. Ondo daude.
“Cuando se consigue hacer cumbre, la alegría es suficiente recompensa para olvidar los malos momentos y creer que todo ha merecido la pena. Cuando no es así, como en esta ocasión, sólo queda la sensación de esfuerzo baldío, de sufrimiento gratuito, de riesgo inútil. Se puede llegar a pensar que la montaña, que estas grandes montañas, son injustas y que no hay correspondencia entre lo entregado y lo recibido. La decepción te puede llevar a pensar que no merece la pena, que malgastar tanto tiempo y energía en estas tareas, no lleva a ningún sitio. Tras unos días de descanso, de reflexión, te das cuenta de que esto no es así. Hay que aceptar las reglas de este extraordinario juego del Himalaya. Precisamente, una de sus grandezas es esa, que pese a que pongas todo tu saber y todas tus ganas en juego, estas grandes montañas de la Tierra siguen teniendo, afortunadamente, la última palabra”

2006/09/05

EGUNAK AURRERA DOAZ

Uztailak 13
Bai eguraldi txarra! Kanpamendu nagusian gaude, elurra eta elurra. Dena zuritu du. 3 egun izango direla diote, 3 egun luze, luze hitz egiteko, luze lo egiteko...eguraldi ona heltzean, aprobetxatu beharko dugu 3. kanpamendua jartzeko (7000 m) eta gero tontorrerako saioa egiteko ( 8035m). Uztailaren 20tik 24ra tontorrerako egunak izango dira. Hala uste dugu, bederen!


Uztailak 11
Berriro ere oinarrizko kanpamenduan. Lehengo kanpamentua (5900 m ) eta bigarren kanpamentua (6500) jarrita ditugu. 6500 metrotan lo egin dugu eta primeran. Gogor sentitzen gara. 7 kilometroko glaziarra luzea eta neketsua zeharkatu behar dugu, kanpamentu nagusitik lehenengo kanpamentura heltzeko. Benetan luzea! Badirudi egun txarrak datozela, pazientzia!

KANPAMENTU NAGUSITIK

Aurkiz aurki Hidden Peak-eko mendi eskerga daukagu G-IIrako bidea itxi nahian. Alde guztietatik dauden horma altuek adierazten dute glaziar apurtua dugula sarbide bakarra, igobide malkartsu bakarra. Mendi zirkoa dago beste aldean, Gasherbrum guztiak agertuko dira gure begien aurrean, handienetarik 7000 metro inguru dituen txipienera. Lehenengoz zapaltzen ditugu eremu hauek, eta lagun batek esan zidan zirkoa ikaragarri ederra dela, eta ikusi orduko buruarekin baietz esaten dut nire baitarako, ederra dela, zinez ederra.
Glaziarra da arazo bakarra, serioa, arriskugarria, tentsio handiko uneak izaten dira bertan. Gauez ibili behar dugu bere azalean gora eta behera, dituen pitzadurek ez jateko. Lehen kanpamentura onik iritsiko bagara halaxe egin behar dugu, saguzarrak bezala ibili, egunaren argitan dagoen beroaz arras arriskugarri bilakatzen baita izotza eta pitzadurak beldurgarriago. Arin ibili behar da eguneko lana egin ahal izateko.
Lehen kanpamentutik gora nekatuago baina lasaiago ibiltzen da. Elur jausteren batek arnasa kentzen ez badizu, dena ondo.
“Banana” izeneko maldatik gora 2. kanpamentua dago (6400) eta serak txipiak gainditu ahala 3. kanpamentuaren tokia ikusten da 6900 metrotan. Hortik gora abiatuko gara tontorrarekiko egarria asetzeko asmoz.
Oinarrizko kanpamentura heldu gara, 5200 m. Lehenengo buruko minak baina ondo. Mendia igotzen hasteko irrikan. Bihar deskantsu eguna.

2006/07/14

Islamabadetik mendirantz

Skardura heldu orduko lasaitasunak hartzen zaitu une batez. Islamabad-etik ateratzea espedizioaren lehen urratsa da. Hango sargori itolarritik ihes egitea duzu helburu bakarra, berdetasuna eta mendiak bakarrik dakarren freskotasunaren bila.
Horixe bera eskaintzen dizu Skardu herriak, lasaitasuna.
Egun pare bat herrian egon ostean, Askolerainoko bide malkartsu eta arriskugarriaren trantzea igaro beharko da benetako ibilaldiari ekin baino lehen. Askole da Baltoro glaziarrera hurbiltzeko dagoen azken leku populatua. Oso herri pobrea da. Umeak izukoiak dira, ez dira hurbiltzen, Nepalen bezala, zerbait eskatzera, agurra edota barretxua eskaintzera. Gorderik egoten dira etxe barru ilunetan turista andana eta bere parafernalia zaratatsua pasatu arte. Seguruenik duela 200 urte bezain gaizki bizi dira inguru honetan. Toki honetan ezagutuko ditugu gure karga guztia garraiatuko dituzten zama-eramaileak. Eurei esker lortzen ditugu gure helburuak. Hauek barik, nekez helduko ginateke mendiaren oinetaraino.
Aurretik Paiju, Urdukas, Goro, Concordia eta halako izenak dituzten parajeak ditugu atsedenleku. Hauexetan amaitzen dira egun bakoitzeko jardunaldi ederra. Paijun, zama-eramaileek hartzen dute egun bat Baltoro glaziarrean sartu baino lehen. Han janaria bildu eta gorputza prestatu egin dute oinarrizko kanpamenturainoko tarte gogorra zeharkatzeko. Egun gogorrak dira, baina ere berean politenak. Inguruan ditugun mendi granitozkoek lepoa altxarazten digute etengabe beren hegi eta hormen tamainaz jabetu gaitezen. Granitozko katedralak dira, Trangokoak eta harana ixten, Masherbrum zorrotzaren ostean, lehen zortzimilekoak, Broad Peak eta Gasherbrum mendiak.
Ikaragarri ederra da.
Concordiara heltzen garenean K-2 mendiaren piramide perfektuak geldiarazten gaitu ziplo. Egiptokoak baino luze eta argalagoa da. Beldur pittin bat ematen du, hain handi.
Aurrez aurre, Broad Peak zabala. Begiratzean, 99ko gomutak datozkit akordura, eta zein hurbil izan genuen haren tontorra pentsatzen dut, zein eskuragarri, alturako haizete madarikatu eta krudel hura agertu izan ez balitz.
Oso hurbil ditugu gure mendiak, eta gogotsu egingo ditugu azken pausuak, datozen egunetan etxea bihurtuko dugun paraje eskas eta isolatu horretaraino. Han gure dendatxoak jarriko ditugu eta indarrak flakatuko zaizkigu erpinerako saioetan. Hatsalbo ibiliko gara gure hauspoari etekina atera nahian, daukagun energia txikiarekin ahalik eta altuen heltzeko. Tontorreraino, ahal bada.
Handik goitik dena ezberdin ikusten baita.
Oso ezberdina.

2006/06/18

ISLAMABAD

Luzea egiten da etxetik honainoko bidea, eta are luzeagoa tartean atzerapenak jasan behar badituzu. Horixe gertatu zaigu Londenetik atera orduko. Orduak pasatu ditugu edozein tokitan botata, asperdura arindu nahian, baina azkenean hegazkin potoloaren barruan sartu gaituzte eta abisatu barik hasi da mugitzen. Airean egoteak lasatu gaitu, bidean gaude, haruznko bidean, honuzko bidean. Lo, oso gutxi egin dugu ordu aldaketa dela eta. Gure gaueko hiruretan esnatu gaituzte gosaria emateko. Hemen hiru ordu gehiagoko bizitzarik gabe argitu zaigu eguna. Eta erlojuak aldazteko gogorik ez! Non daude hiru ordu horiek?
Hegazkinak ere lurrerazteko gogoa zuen eta abisatu barik ere jarri gaitu Pakistanen. Eta betikoa, beroa, jende ezberdina baina zabala, hurbila, eskua arin luzatzen duen horietakoa, ingelesezko lehen hitz totelak, lehen hankasartzeak eta barreak, hori bai!, barreak beti.
Petate guztiak gurekin etorri dira, eskerrak! eta batu ostean, hotelera abiatu gara atseden luzeago bat hartzeko. Han gure "ofizial de enlace" delakoa ezagutu dugu, Sahit du izena eta ez dut uste problemarik emango digunik, jatorra ematen du-eta.
Bazkaldu zerbait, aspalditik ezagutu genuen Blue Lagoon jatetxean, eta ekaitzak bere piroteknia guztia zabaltzen ari zenean, bus tikira igo gara hotelera joateko eta siesta egiteko asmo sendoarekin. Eta ezerk ez digu hau galerazi. Bi ordukoa berrindartze ederra hartu dugu.
Oriol Baro eta Jordi Corominas (Magic Line-K2) gurekin daude orain.
Bihar paper guztiak egingo ditugu, bidoiak ordenatu eta dena prestatu etzirako. Egun horretan berriz abiatzen baikara. Mendira. Menditik gero eta hurbilago.
Ametsa gorpuzten hasi da.

2006/06/09

ABIATZEAR


Abiatzera goaz laster batean, eta hilabetetan ordenagailuan ikusgai izan dudan argazki zoragarri eta kitzikagarria daramat gogoan. Hidden Peak-eko gailurretik ateratako argazkian, G-IIko hirugarren kanpamenturik gorako aldapa ikezua, eta Tibet eta Pakistan arteko muga egiten duen lepotik erpinerako azken txanpa ikusten da. Hau guztia, G-Ieko tontorretik. Kontrako argazkia ere ederra izango da, seguruenik.

2006/05/22

KARAKORUM 2006. INSHALLAD

Hauxe da gure hurrengo erronka. Gasherbrum I eta II.




Lau familiarrok osaten dute mendi erraldoi hauen zirko zuria, eta guztiek zenbakia jarrita dute urduerazko izenaren ostean. Lehena salbatzen da soilik, lehena Hidden Peak ere deitzen baita.

Ez dira handienetan handienak, ttipienak baizik, baina betiko lez, zerutik gertuegi daude.


Ekainaren 17an abiatuko gara abuztuaren 12ra arte. Igoko ahal ditugu! Inshallad!

2006/05/09

ERZT PERFEKTUA. 2004KO UDABERRIAN

Behetik igo beharreko ertzak beldur pittin bat ematen du. Bertikalegia, luzeegia, zorrotzegia dirudi, baina bere harrietan gora zoazela alpinismoak eman ditzakeen une eder horiez gozatzen ari zarelako sentsazioak hartzen zaitu. Alpinista zara!


Ilunabar ikargarri sinpleak eta ederrak. Gutxitan ikusitako koloreekin.

Urrunetik, mendiak oro begien aurrean.


2006/05/08

AMA DABLAM EDERRA II

Ama Dablam mendia Sherpen mendi sakratua da. Edertasunak sakralizaturik, seguruenik.
Munduan dagoen mendirik ederrenetakoa dugu.

Alberto Zerain oso alpinista tekniko eta indartsua da eta Eneko Pouk, Iker anaiarekin, bikote indartsua osatzen du alpinismoaren munduan.


AMA DABLAM EDERRA


Udaberrian mendi ederraren oinetara abiatzeko parada izan nuen Alberto Zerain, Eneko Pou eta Juanito Oiarzabalekin batera. Ikaragarri ederra da Ama Dablam mendia, ederra eta zaila. Udaberria izaten da arorik bereziena bere ertzetatik gora abiatzeko. Udazkenean jendez beterik egon ohi den mendi hau erabat bakarturik topatu genuen udaberri hartan. Gure aurretik errusiar batzuk pasatu ziren eta gero gu. 12 egun oinarrizko kanpamentuan egin ostean, tontorrera iritsi ginen marroi baten erdian, izoztuta, erabat izoztuta baina pozik, alturan pozik.

CHO-OYU-ko ELURRA ETA ZERUA

Altua da. Agian altuegia, baina ederra.

Elurra zuriegia, zerua ilunegia.


Han ere koloreak bizirik

Jaumerekin 8.201 metrotan. Pepe eta Jordi gogoan.

TIBETEKO AIRE HOTZA. 2003ko Urrian


1917an, Alexandra David-Néel-ek, Tibetera joateko eta zeharkatzeko ausardia bildu zuen lehen esploratzaileetariko batek, hauxe esan zuen ikusi zituen paraje eta lurrez: “Estepak, bakardadeak, betiereko elurrak, eta han goian dagoen zeru argi handiak betetzen ninduten.(...) eta isiltasunean murgiltzen nintzen betirako, haizeak baino ez zuen jotzen, bizitzarik gabeak eta ia hutsik ziren bakardadeetan, harri ikaragarrien kaosean, mendi izugarrietan eta argi itsugarrizko hodeiertzetan. Herri hau beste mundu batekoa da, titanen herria, jainkoen herria. Liluraturik nago.”
Nik, orain, hango lautada iharrak ibili eta gero, hango zeru itsugarriak ezagutu eta gero, hango mendi handi, hotz eta harrigarri bat igo eta gero, antzeko sentipen batek hartuta naukala esan ahal dut.
Irailaren erdialdera heldu ginen Pepe, Jaume eta hirurok, Malcom, Mike, Niklas, Kinga, Sylwia eta Marcinekin batera mendiaren oinetara. Hutsaren hurrengo arimak ginen, eta liluratu egin ginen handitasunarekin, bere bazterretan eta hegietan zabaltzen zituen formekin, eta nola ez, han osteka bildurik zegoen jende elemeniarekin. Gehiengoak oxigenoa erabilita igoko du mendia.
Cho-Oyu-k elurrezko izara zuria zabaltzen zuen goizero gure oihalezko denden gainera. Gauean maluten oin txikiak emaro entzuten nituen kanpoan oihalari xera eginez, korrikan, ume txikiak balira bezala. Noizbait argitu eta eguzkiak berotuko zuelako esperantza nuen, baina uste nuenaz bestela, dena zuri, mantso, geldi eta hotz agertzen zen goiz guztietan nire begi lausotuen aurrean.
Ondoko egunak izerdiak eta erostak botata, kilo batzuk galduta, haserreak janda eta dudarako edo tristurarako orduak, eta negarrerako minutuak eman ostean, urriaren 2an, geunden puntutik haizeak ondo orraztuta eta ikusezina zitzaigun gailurrera joan behar genuela erabaki genuen. Beldurra ematen zigun haizeak, beldurra ematen zigun hotzak, beldurra Nangpa-La-tik zetorren afrontuak. Handik, kontrako norabidean abiatzen ziren Namche-Bazaar-era zihoazen yak ilarak. Guk bezala, elurra zuten arerio nekaezina, gogor jotzen baitzuen egun haietan dena estali nahirik. Nire begirada ezarian ere estali zidan elurrak.
Gero eguzkiarekin batera haize bortitzagoa etorri zen. Koleraturik zirudien haizea gailurra goldatzen hasi zen, ingurua hozten, gure itxaropena, bihotzean agitzen den bezala, erdibitzen.
Halarik ere zortzi mila metroetan zirimolaren azantzak sortzen zuen presioari jaramonik egin gabe, gorantz anitzetan begiratu gabe, lehen aldapak igotzen hasi ginen ostera ere.
Egun bi haizeak ondo astinduriko II. kanpamentuan (7.150 m) eman ondoren, urriaren 5ean, erabat oskarbi urratu zen eguna, edonor ahultzeko moduko hotz ikaragarriarekin baina garbi eta nahiko lasai.
Ez genuen suertatu zitzaigun aukerako trenpua galdu eta hotzak igarota baina txunditurik, Cho-Oyu-ko tontorrean (8.201 m) egon nintzen Everest mendiari begira, tentelduta, Juanito iritsi eta besarkada estu batek lotu gintuen arte, altuetarako anaia den Jaumerekin negar batean urtu nintzen arte.
....haizeak baino ez zuen jotzen, betirako murgiltzen nintzen bizitzarik gabeak eta ia hutsik ziren bakardadeetan, harri ikaragarrien kaosean, mendi izugarrietan eta argi itsugarrizko hodeiertzetan... gomutatu nuen, eta geroxeago Einstein etorri zitzaidan akordura.
Einstein-ek esan zuen behin badaudela bi era zure bizitza bizitzeko. Bata da ezer ez dela miraria pentsatzea. Bestea dena miraria dela pentsatzea.
Eta mendi altuetan mirariak ederrak dira.

HIMALAIAN HIRU KOLORE

Himalaian hiru kolore:
Lurrarena.



Elurrarena.

Eta Zeruarena.

Hauek guztiak, bizitzarena.

-----

contador de visitas

Blog Archive