HIMALAIAN HIRU KOLORE



2007/05/22

AURTEN ERE INSHALLAD!

Ibrahim, Sadiq, Asheraf eta enparauek esaten duten hitza da Inshallad!, zoriak dakarkeena ona izan daitekeelakoan edota ona izan dadin.

Kontrolagaitza dena Jainkoen eskuetan uzten dute bertokoek, Jainkoek beren alde egingo dutelakoan gauza onak ekarriz. Horretarako egiten dute otoitz arratsaldero linea imajinario batek seinalatzen duen toki are imajinario batera begira, norabide zehatzean.
Otoitz horiek gure egiten ditugu hango parajeek euren boterea, isolamendua, gogortasuna eta neurribakotasuna erakusten dituztenean, ttipi sentiarazten gaituztenean.

Maldan gorako urratsak ere apaltasunean emaniko otoitz moduko zerbait dira, tontorrera ailegatzeko ahaleginean indarrak flakatuz doazela, jainkoak ondo portatu daitezen gurekin.

Aurten ere Inshallad! eta Inshallad!

2007/05/17

ZORIAK IRRI EGIN ZUENEKOA

Zoriak anitzetan gidatzen ditu gure urratsak. Irri egiten digu. Niri hala agitu zait. Ihes egin zidan zoriak eskua luzatu eta Karakorum-eko Broak Peak (8.047) begien aurrean jarri dit berriz.

7.850 metrotan dagoen lepotik gorako azken urratsak. Seguruenik, ahuleriak jota baina pozarren. Han, ezkerraldean ikusten den punta, gailurra da. Amets, sufrikario askoren jomuga. Begiak gure baitarako jiratzeko lipar aproposa.



-----

contador de visitas

Blog Archive