HIMALAIAN HIRU KOLORE



2006/09/19

GOMUTAK HITZETAN

-Bidean argazki pilo bat atera dut, eta argazki pilo bat galdu dut begiradarekin.
-Rakaphosi mendia ikusi dut urrunetik. Ikaragarri zorrotz eta zuria da. Nanga-Parbat berriz, zabal-zabala eta handia. Handiegia, akaso.
-Errekaz bestaldean bidexka mehe batzuk ikusten ziren. Hortik jendea pasatu den seinale. Nora joan nahi dute malda piko eta lehor horietatik gora? Zertara?
-Bidean, umeek agur esaten digute eskutxoagaz, beno, mutilek soilik, neskatoek begiratu baino ez dute egiten burua tapatzen duten bitartean.
-Askole, goizeko 05.00etan. Argituta dago eguna, eguzki eta guzti. Zamaketari guztiak prest lanari ekiteko.

-Asheraf da gure sukaldeko pintxea. 22 urte. Gulam du abizena. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Nadim da bere anaia. Hauek biak Sadiq sukaldariaren aginduetara ibili dira. “The King of Baltoro” dio berak.
-Hurbilketa ibilbiderako 48 zamaketari daramatzagu. Bakoitzak 25 kilo gehienez. 90 dolar kobratzen dute 7 edo 8 eguneko lanarengatik, Askoletik- K. Nagusiraino. Izerdi patsetan doaz guztiak, nekatuta baina pozik lana baitute, batzuk gaixorik baina alai, lana baitute.

-Gerizpean gaude. Paiju Peak-eko granitozko orratzek eta duen altuerak ostentzen digute eguzkia, eta agian ezkertzekoa da, egunean zehar bero dezente egiten baitu. Baina ezin du galarazi aurreko mendietako malden zuritasuna. Gaur hodeiak datoz.
-Mendi altuak gero eta altuagoak, gero eta hurbilagoak.
-Gore II izeneko parajean lotu gara gaua pasatzeko. Hotza. Benetakoa. Sardina lata batzuk hartu ditut eta zamaketarien harrizko eta plastikozko etxoletara joan naiz ematera. Beti ari naiz gaileta, barritaren bat ematen goseturik daudelakoan. Eurek, “bojot bojot sukria”, mila esker, esaten didate. -Kanpamendu nagusian Hidden Peak gure buru gainean dago beti. Altuegi, harro, handi, inguruaren jabe. Orain elurra hasi da. Lasterka zoroan jausten dira malutak oihalean behera.
-Arratsaldeko argitasun ahularekin mendiok azukrezkoak dirudite. Zein ederra!

-Glaziarreko pitzadurak sakonak dira, sakonegiak. Beldurra ematen didate. Egunetik egunera zabalduz doaz, handituz. Hemen dago G. Barandiaranen mundu arrakalatua!
-Zauri bat atzamarrean, azkazala zabalik beste batean, mina belaunean, behatzetan tiritak, bizkarra nekatuta, sudurra odoldutik eta aste bete nire gorputzaren garbiketa egiten ez dudala.
-Bele bi elurraren gainean. Elurra egiten jarraitzen badu ere, beren lumak ez dira zuritzen.
-Esnatzen naizenetan, txori baten txio tematia aditzen dut, baina batez ere, glaziarra urtzen entzuten dut. Ura doa bere zainetan, ur zaratatsu eta nekaezina.
-II. kanpamenduan galtzontziloetan egon gara denda barruan, 45ยบ gradutan. Kanpora atera naiz freskuraren bila. Berdin. 6400 metrotan eta erdi biluzik. Kiskalita nago. Beroa jasanezina da!
-Eguzkia badoa, hotza badator eta berarekin batera isiltasuna. Neu ere isilik. Nire hatsak forma hartzen du orduan.
-Goizetan, armiarma batek kurritzen du nire dendaren oihala. Lasai doa, gora eta behera, pentsakor, neu bezala.
-Bat-batean, denda okerturik agertu da elurraren pisupean. Pala hartuta arindu diot nekea. Elurra etorri da berriz. Kendu eta etorri, dena estali nahian.
-Nadim-en seme-alabak Amna eta Willy deitzen dira.
-Oinak erabat izozturik dauzkat elurra agertu denetik. Zakuan baizik ez ditut berotzen.
-Emozioa dabil gaurko egunetan airean. Jakin barik, zergatia ez dakidala, musika entzuten ari nintzela, negarrez hasi naiz. Agian, tontor hori desiratzen dudalako, agian argazki plastifikatu horretatik maite nauzuelako, agian dena eskura dudalako, edota agian, ez dudalako ezer.
-Imajinazioa isuri egiten zait eta inoiz bizi izandako ikusten dut perfektamentien. Etorkizuna izango ote da?

-Andoni puntara iritsi da. Pozik dago. Arima bikoizturik dauka, beteago sentitzen da orain, ia hegan.
-Ekainak 29. Niretzat dezepzioa. Egun pasa. Tristea, sinplea. Etxerako gogoa. Gaixoturik, abailduta, desastrea.
-Gondogorotik buelta. 8 eta 12 orduko paseoak egun bitan. Glaziarrak hemengo autopistak dira, luzeak, luzeegiak. Dagoeneko zirrikitu guztiak ikasi ditugu. Argaldurik goaz berdetasunerantz.
-Hushe herrian Marron, Juanito eta Edurneren animuak eta besarkadak. Hobeto goaz.
-Skardun gogaitu, Islamabad-en ondo jan. Etxean abuztuaren 11an. Dezepzioak jarraitzen dit.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive