HIMALAIAN HIRU KOLORE



2007/06/20

SKARDURA HELDU GARA

Ekainaren 20. Atzo gauean, 15 orduko bidaia txikitzailearen ostean Skardu herrira heldu ginen. K2 hotelean sartu gaituzte gure gozamenerako. Lorategi ederretan ibiliko gara lasaitasunaren bila, eta aurrean zabaltzen zaigun margolan ederraz ere gozatuko dugu.
Lotaldi ederra eta etenbakoa egin dugu gaur lehen aldiz Koke eta biok. Gosaldu eta gero biharko petateak prestatzen hasi gara, bihar Askolerainoko bidaia burutuko baitugu. Betiko buruhausteak dakartza bultoak prestatzea, lantzean lantzean jakin behar da non utzi duzun bapatean bilatu nahi duzun hori eta askotan ez da erreza bildu den kaosaren artean. Azkenean lortu dugu petate guztiak 25 kilotan jartzea.
Gero, goiza mantso doala ikusirik, Valentin Giro lagunaren bila joan naiz. Beroa izan da elkarri luzatu diogun besarkada estua. Gustura izan gara gerizpean honetaz eta hartaz mintzatzen, elkarren motibazioak zabaltzen eta partekatzen.

Eguna lasai joango zaigu eta biharkoa gogor etorriko da. 5 orduko bidaia izango dugu Askoleraino. Handik benetako espedizioa hasiko zaigu, lehen urrtsak, lehen nekeak, lehen mendiarekiko harreman estuak. Ametsak berri egi bihurturik.
Musu handi bat munduaren beste aldetik.

2007/06/17

BESTE URRATS BAT

Gutxitan dakigu nora joaten garen eta zaila da deskribatzen bizitzak egiten dituen bira ezezagunak. Misterio hutsa da ezjakinarentzat. Baina gauzarik sinpleenak deskubritzen dira ezjakinen begietara.
Aurten ez nuen bidaia luzerik egin nahi baina hemen nago berriz, Pakistanen, hegazkin baten tripak ekarrita. Orain bide berri bat egiteari ekingo diot, baina guztia ez da iazkoaren moduan izango. Berria izango da erabat, bestelakoa. Hustasuna, etxetik zabaltzen zaidan hustasuna izango da errepikapen bakarra, bueltan osatu eta beteko dudana.

Ekainak 17. Bidaia ez da oso luzea izan eta konturatu orduko arginabarrak esnatu gaitu hegazkinaren barruan. Regency hotelera heldu bezain laster loguretuta sartu gara ohean Rashid nagusiarekin hitz egin baino lehen. Hemen Oier, Andoni, Mikel, Iban, Pepe eta Jaume agertuko direlakoak hartzen nau osoki, freskoegi baitut bizi izandakoa eta bere gomuta oraindik.
Aurten Jabi, Julen, Inaki, Urbis, Iban, Koke eta Pedrorekin etorri naiz berotasun handiko herri honetara, eta errepikapenaren sentsazioa daukat, dena orain dela oso denbora gutxi bizi izan banu bezala.
Poz handia hartu dut Ibrahim Hakon ikusi dudanean atetik sartzen. Ia 10 urte pasa dira elkar ikusi genuenetik eta berdin berdin segitzen du. Besarkada estua luzatu dit.
Biharko planak egiten hasi gara. Breafing egin ostean abiatuko gara Karakorumeko karretera luze eta espantagarri honetan gora, harik eta Skardura heldu arte. Han bestelako giroak egingo digu harrera, bestelako lasaitasunak, mendiarenak, kale huetako kaosetatik urruntzeko.
Faisal Salamat kapitaina izango da gure "oficial de enlace" delakoa. Morroia gaztea da eta jatorra ematen du. Inshallad!!
Gauak Islamabad iluntasunez margotu du eta gu berriz loguretuta.
Musu bat guztioi Pakistanetik.

-----

contador de visitas

Blog Archive