HIMALAIAN HIRU KOLORE



2006/09/21

EGUNAK HITZ-GOMUTETAN

Uztailak 26. Paiju
Astalarrosak kolore bizia ematen diote Paiju tokiari. Atzo heldu ginen bero itolarriarekin, eta neuk, goizetik abandonatu ez ninduen buruko min tematia ere ekarri nuen. Arratsaldean joan zitzaidan eta pozago aritu nintzen. Gaua ere ez zen makala izan. Afaldu ostean, Asheraf-ek danborra hartu zuen eta jotzen hasi zen. Bere inguruan porterrak metatzen hasi ziren. Ikusgarriak, oso politak izan ziren egin zituzten dantzak. Han ibili ginen guztiok, eurek eginiko mugimenduak imitazio negargarrian baina pozik. Iban batez ere, bere urtebetetzea baitzen. Alde hartako txano bat izan zuen opari. Musika horrekin hartu ninduen loak.
Gaur, 04:30ean esan nengoen baina 05:00etan altxatu naiz. Sukaldera joan eta hortxe hartu dut lehen kafetxoa, bero-bero, ixil-ixilik, goizaren lehen murmurioari adi-adi.
Gaur deskantsu eguna da hemen porterrentzat, eta horrexegatik, adosturik genuen altura pixka bat hartu behar genuela, eta halaxe egin dugu. Piju Peak erraldoiaren maldetan gora abiatu gara 4500 m-taraino. Ondo egon da eta nekea, altueraren nekea sentitu dugu.
Kanpamentura iritsi, arropa eta gorputza garbitu eta askoz hobeto sentitu gara.
Egun politak Paijukoak.

Ekainak 3. Kanpamentu Nagusia
Arnas faltarekin batera bakea da gehien sentitzen dudana. Gaur bero larregi egin du siesta behar bezala egiteko eta ibiltzera joan naiz, beleak bezala alderrai, eta bakea izan da sentitu dudana.
Goizean, betiko lez, lehena izan naiz altxatzen. 06:30ean banengoen Sadiq eta Asheraf bikotearen dendan gosaria prestatzen laguntzen. Nik kafea hartu bitartean, eurak “puri”-ak egiten ziharduten. Eguzkiak lehen izpi beroak jaurtikitzen zituen eta argitasun horren pean argazki batzuk atera dizkiet.
Bihar goaz gora berriz. Egurra jasoko dugu, gorputza matxakatu!
Ekainak 22.
Gaur tontor eguna izan da lagunentzat. Albeto Zerainek tontorretik deitu du. Hunkitu gara, naiz. Orain gure txanda izango da. Egun politak ditugu aurretik, Ametsak betetzeko garaia.
Fuerte gaude. Aurreko egunetan 7000 metrotan jarri dugu gure III. kanpamentua. Hotz ikaragarria, haizea eta elurrak egin ziguten harrera han goian. Bertatik, gailurra ukitu daiteke baina aklimatazioa burutu behar genuen eta handik nagusiraino bajatu ginen eguraldi onaren zain.
Orain, urduri, atsedena hartu, ondo jan eta gora berriz, tontorrerainoko bidea burutu arte, hango aire hotz eta fin horrek inguratu arte.
Inshallad!

Chogolisaren buru zuria eguna urratzean.

Hidden Peak argitasun ahulpean, bere edertasun guztia erakutsiz.

2006/09/19

GOMUTAK HITZETAN

-Bidean argazki pilo bat atera dut, eta argazki pilo bat galdu dut begiradarekin.
-Rakaphosi mendia ikusi dut urrunetik. Ikaragarri zorrotz eta zuria da. Nanga-Parbat berriz, zabal-zabala eta handia. Handiegia, akaso.
-Errekaz bestaldean bidexka mehe batzuk ikusten ziren. Hortik jendea pasatu den seinale. Nora joan nahi dute malda piko eta lehor horietatik gora? Zertara?
-Bidean, umeek agur esaten digute eskutxoagaz, beno, mutilek soilik, neskatoek begiratu baino ez dute egiten burua tapatzen duten bitartean.
-Askole, goizeko 05.00etan. Argituta dago eguna, eguzki eta guzti. Zamaketari guztiak prest lanari ekiteko.

-Asheraf da gure sukaldeko pintxea. 22 urte. Gulam du abizena. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Nadim da bere anaia. Hauek biak Sadiq sukaldariaren aginduetara ibili dira. “The King of Baltoro” dio berak.
-Hurbilketa ibilbiderako 48 zamaketari daramatzagu. Bakoitzak 25 kilo gehienez. 90 dolar kobratzen dute 7 edo 8 eguneko lanarengatik, Askoletik- K. Nagusiraino. Izerdi patsetan doaz guztiak, nekatuta baina pozik lana baitute, batzuk gaixorik baina alai, lana baitute.

-Gerizpean gaude. Paiju Peak-eko granitozko orratzek eta duen altuerak ostentzen digute eguzkia, eta agian ezkertzekoa da, egunean zehar bero dezente egiten baitu. Baina ezin du galarazi aurreko mendietako malden zuritasuna. Gaur hodeiak datoz.
-Mendi altuak gero eta altuagoak, gero eta hurbilagoak.
-Gore II izeneko parajean lotu gara gaua pasatzeko. Hotza. Benetakoa. Sardina lata batzuk hartu ditut eta zamaketarien harrizko eta plastikozko etxoletara joan naiz ematera. Beti ari naiz gaileta, barritaren bat ematen goseturik daudelakoan. Eurek, “bojot bojot sukria”, mila esker, esaten didate. -Kanpamendu nagusian Hidden Peak gure buru gainean dago beti. Altuegi, harro, handi, inguruaren jabe. Orain elurra hasi da. Lasterka zoroan jausten dira malutak oihalean behera.
-Arratsaldeko argitasun ahularekin mendiok azukrezkoak dirudite. Zein ederra!

-Glaziarreko pitzadurak sakonak dira, sakonegiak. Beldurra ematen didate. Egunetik egunera zabalduz doaz, handituz. Hemen dago G. Barandiaranen mundu arrakalatua!
-Zauri bat atzamarrean, azkazala zabalik beste batean, mina belaunean, behatzetan tiritak, bizkarra nekatuta, sudurra odoldutik eta aste bete nire gorputzaren garbiketa egiten ez dudala.
-Bele bi elurraren gainean. Elurra egiten jarraitzen badu ere, beren lumak ez dira zuritzen.
-Esnatzen naizenetan, txori baten txio tematia aditzen dut, baina batez ere, glaziarra urtzen entzuten dut. Ura doa bere zainetan, ur zaratatsu eta nekaezina.
-II. kanpamenduan galtzontziloetan egon gara denda barruan, 45º gradutan. Kanpora atera naiz freskuraren bila. Berdin. 6400 metrotan eta erdi biluzik. Kiskalita nago. Beroa jasanezina da!
-Eguzkia badoa, hotza badator eta berarekin batera isiltasuna. Neu ere isilik. Nire hatsak forma hartzen du orduan.
-Goizetan, armiarma batek kurritzen du nire dendaren oihala. Lasai doa, gora eta behera, pentsakor, neu bezala.
-Bat-batean, denda okerturik agertu da elurraren pisupean. Pala hartuta arindu diot nekea. Elurra etorri da berriz. Kendu eta etorri, dena estali nahian.
-Nadim-en seme-alabak Amna eta Willy deitzen dira.
-Oinak erabat izozturik dauzkat elurra agertu denetik. Zakuan baizik ez ditut berotzen.
-Emozioa dabil gaurko egunetan airean. Jakin barik, zergatia ez dakidala, musika entzuten ari nintzela, negarrez hasi naiz. Agian, tontor hori desiratzen dudalako, agian argazki plastifikatu horretatik maite nauzuelako, agian dena eskura dudalako, edota agian, ez dudalako ezer.
-Imajinazioa isuri egiten zait eta inoiz bizi izandako ikusten dut perfektamentien. Etorkizuna izango ote da?

-Andoni puntara iritsi da. Pozik dago. Arima bikoizturik dauka, beteago sentitzen da orain, ia hegan.
-Ekainak 29. Niretzat dezepzioa. Egun pasa. Tristea, sinplea. Etxerako gogoa. Gaixoturik, abailduta, desastrea.
-Gondogorotik buelta. 8 eta 12 orduko paseoak egun bitan. Glaziarrak hemengo autopistak dira, luzeak, luzeegiak. Dagoeneko zirrikitu guztiak ikasi ditugu. Argaldurik goaz berdetasunerantz.
-Hushe herrian Marron, Juanito eta Edurneren animuak eta besarkadak. Hobeto goaz.
-Skardun gogaitu, Islamabad-en ondo jan. Etxean abuztuaren 11an. Dezepzioak jarraitzen dit.

2006/09/13

GOMUTAK IRUDIETAN

Nire gomutak ezberdinak dira, batzuk. Anitzetan, gomutak irudi bilkatzen dira eta alderantziz ere bai. Ikusten dituzun irudiek zure gomuten apalategietan hartzen dute leku. Memoriaren labirintoa horixe baita, labirintoa.

Glaziarrean gora, beroak itota, betiko lez. Atzean Hidden Peak agertzen zitzaigun beti, begirale zorrotz.

Bizi izan ez dudana. Mikel 4. kanpamendua igarota, tontorrerako egunean.


Baltoro Kangri mendi kaotikoa. Forma bitxiak agertzen ziren mendi arriskugarri honetan. Elur-jausiak atengabekoak ziren.

Josu eta Mikelentzako azken metroak. Hortxe, hortxe dago gailurra. Mundua zure oinetan.

2006/09/06

DEZEPZIOA

Hauxe da ezpainetara etortzen zaidan hitz bakarra. Gailurrik gabe bueltatzen zareneko giroak eskaintzen dizun hitza.
Dena joan zen ederto azken saiakera arte. 7000 metrotan jarrita genuen gure denda txikia eta basera bajatu ginen azken saiotxoaren aurreko deskantsua hartzeko. Gorako eguna etorri zenean Pepe gonbitoka hasi zen. Urteak ez zuela okarik egiten zioen tristurak jota. Beheranzko gogor batek ere hartua zuen. Lehen ezbeharra Jaume bere soka-lagunarentzat. Pepek ezin zuen gurekin etorri, ahiturik zegoen. Hala ere glaziar madarikatu horretan zehar abiatu ginen. Iban ere gurekin zetorren Jaume tematiak animaturik, baina berarentzat ere kale. Botaka hasi zen glaziarrean bertan. “Ezin dut motxilarekin” esaten zidan. Zerbait apurtu zitzaidan barruan, krak, buelta hartzen ikusi nuenean.



Azken animoei lotuta 1. kanpamentura heldu ginen desastre guztiak amaiturik zeudela pentsaturik. Buruko min itzel batek hartu ninduen ni orduan. Ezin kendu egun osoan zehar. Botika larregi hartuta ere ez zen joan. Agusti medikuak esan zidan ahalik eta lasterren jaisteko baina nik indarrik gabe sentitzen nuen gorputza eta gaua bertan ematea erabaki nuen, kosta lain kosta. Biharamunean, minaren intentsitatea suabeagoa bazen ere nire gorputza abaildurik zegoen, hauts eginda. Nekez ailegatu nintzen infernuko glaziarraren ertzeraino, Peperen besoetan negarrez urtzera, hantxe ikusi bainuen tontorrak kranpoietatik ihes egiten zigula.
Eta halaxe izan zen. Hain erreza zena, hain argi ikusten genuena dezepzio bilakatu zen.
Gero, Carlos Pauner-en hitz hauek topatu ditut. Ondo daude.
“Cuando se consigue hacer cumbre, la alegría es suficiente recompensa para olvidar los malos momentos y creer que todo ha merecido la pena. Cuando no es así, como en esta ocasión, sólo queda la sensación de esfuerzo baldío, de sufrimiento gratuito, de riesgo inútil. Se puede llegar a pensar que la montaña, que estas grandes montañas, son injustas y que no hay correspondencia entre lo entregado y lo recibido. La decepción te puede llevar a pensar que no merece la pena, que malgastar tanto tiempo y energía en estas tareas, no lleva a ningún sitio. Tras unos días de descanso, de reflexión, te das cuenta de que esto no es así. Hay que aceptar las reglas de este extraordinario juego del Himalaya. Precisamente, una de sus grandezas es esa, que pese a que pongas todo tu saber y todas tus ganas en juego, estas grandes montañas de la Tierra siguen teniendo, afortunadamente, la última palabra”

2006/09/05

EGUNAK AURRERA DOAZ

Uztailak 13
Bai eguraldi txarra! Kanpamendu nagusian gaude, elurra eta elurra. Dena zuritu du. 3 egun izango direla diote, 3 egun luze, luze hitz egiteko, luze lo egiteko...eguraldi ona heltzean, aprobetxatu beharko dugu 3. kanpamendua jartzeko (7000 m) eta gero tontorrerako saioa egiteko ( 8035m). Uztailaren 20tik 24ra tontorrerako egunak izango dira. Hala uste dugu, bederen!


Uztailak 11
Berriro ere oinarrizko kanpamenduan. Lehengo kanpamentua (5900 m ) eta bigarren kanpamentua (6500) jarrita ditugu. 6500 metrotan lo egin dugu eta primeran. Gogor sentitzen gara. 7 kilometroko glaziarra luzea eta neketsua zeharkatu behar dugu, kanpamentu nagusitik lehenengo kanpamentura heltzeko. Benetan luzea! Badirudi egun txarrak datozela, pazientzia!

KANPAMENTU NAGUSITIK

Aurkiz aurki Hidden Peak-eko mendi eskerga daukagu G-IIrako bidea itxi nahian. Alde guztietatik dauden horma altuek adierazten dute glaziar apurtua dugula sarbide bakarra, igobide malkartsu bakarra. Mendi zirkoa dago beste aldean, Gasherbrum guztiak agertuko dira gure begien aurrean, handienetarik 7000 metro inguru dituen txipienera. Lehenengoz zapaltzen ditugu eremu hauek, eta lagun batek esan zidan zirkoa ikaragarri ederra dela, eta ikusi orduko buruarekin baietz esaten dut nire baitarako, ederra dela, zinez ederra.
Glaziarra da arazo bakarra, serioa, arriskugarria, tentsio handiko uneak izaten dira bertan. Gauez ibili behar dugu bere azalean gora eta behera, dituen pitzadurek ez jateko. Lehen kanpamentura onik iritsiko bagara halaxe egin behar dugu, saguzarrak bezala ibili, egunaren argitan dagoen beroaz arras arriskugarri bilakatzen baita izotza eta pitzadurak beldurgarriago. Arin ibili behar da eguneko lana egin ahal izateko.
Lehen kanpamentutik gora nekatuago baina lasaiago ibiltzen da. Elur jausteren batek arnasa kentzen ez badizu, dena ondo.
“Banana” izeneko maldatik gora 2. kanpamentua dago (6400) eta serak txipiak gainditu ahala 3. kanpamentuaren tokia ikusten da 6900 metrotan. Hortik gora abiatuko gara tontorrarekiko egarria asetzeko asmoz.
Oinarrizko kanpamentura heldu gara, 5200 m. Lehenengo buruko minak baina ondo. Mendia igotzen hasteko irrikan. Bihar deskantsu eguna.

-----

contador de visitas

Blog Archive