HIMALAIAN HIRU KOLORE



2006/09/21

EGUNAK HITZ-GOMUTETAN

Uztailak 26. Paiju
Astalarrosak kolore bizia ematen diote Paiju tokiari. Atzo heldu ginen bero itolarriarekin, eta neuk, goizetik abandonatu ez ninduen buruko min tematia ere ekarri nuen. Arratsaldean joan zitzaidan eta pozago aritu nintzen. Gaua ere ez zen makala izan. Afaldu ostean, Asheraf-ek danborra hartu zuen eta jotzen hasi zen. Bere inguruan porterrak metatzen hasi ziren. Ikusgarriak, oso politak izan ziren egin zituzten dantzak. Han ibili ginen guztiok, eurek eginiko mugimenduak imitazio negargarrian baina pozik. Iban batez ere, bere urtebetetzea baitzen. Alde hartako txano bat izan zuen opari. Musika horrekin hartu ninduen loak.
Gaur, 04:30ean esan nengoen baina 05:00etan altxatu naiz. Sukaldera joan eta hortxe hartu dut lehen kafetxoa, bero-bero, ixil-ixilik, goizaren lehen murmurioari adi-adi.
Gaur deskantsu eguna da hemen porterrentzat, eta horrexegatik, adosturik genuen altura pixka bat hartu behar genuela, eta halaxe egin dugu. Piju Peak erraldoiaren maldetan gora abiatu gara 4500 m-taraino. Ondo egon da eta nekea, altueraren nekea sentitu dugu.
Kanpamentura iritsi, arropa eta gorputza garbitu eta askoz hobeto sentitu gara.
Egun politak Paijukoak.

Ekainak 3. Kanpamentu Nagusia
Arnas faltarekin batera bakea da gehien sentitzen dudana. Gaur bero larregi egin du siesta behar bezala egiteko eta ibiltzera joan naiz, beleak bezala alderrai, eta bakea izan da sentitu dudana.
Goizean, betiko lez, lehena izan naiz altxatzen. 06:30ean banengoen Sadiq eta Asheraf bikotearen dendan gosaria prestatzen laguntzen. Nik kafea hartu bitartean, eurak “puri”-ak egiten ziharduten. Eguzkiak lehen izpi beroak jaurtikitzen zituen eta argitasun horren pean argazki batzuk atera dizkiet.
Bihar goaz gora berriz. Egurra jasoko dugu, gorputza matxakatu!
Ekainak 22.
Gaur tontor eguna izan da lagunentzat. Albeto Zerainek tontorretik deitu du. Hunkitu gara, naiz. Orain gure txanda izango da. Egun politak ditugu aurretik, Ametsak betetzeko garaia.
Fuerte gaude. Aurreko egunetan 7000 metrotan jarri dugu gure III. kanpamentua. Hotz ikaragarria, haizea eta elurrak egin ziguten harrera han goian. Bertatik, gailurra ukitu daiteke baina aklimatazioa burutu behar genuen eta handik nagusiraino bajatu ginen eguraldi onaren zain.
Orain, urduri, atsedena hartu, ondo jan eta gora berriz, tontorrerainoko bidea burutu arte, hango aire hotz eta fin horrek inguratu arte.
Inshallad!

Chogolisaren buru zuria eguna urratzean.

Hidden Peak argitasun ahulpean, bere edertasun guztia erakutsiz.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive