HIMALAIAN HIRU KOLORE



2008/01/22

ILARGIPEAN BRAZATOTIK

Pirinioak zuri-zuri zeuden larunbatean Panticosara iritsi ginenerako. Eguraldia ere lagun izango genuen bi egunetan zehar. Aztertu beharra gure indarra.
Eguerdi partean abiatu ginen aldapan gora Brazato mendia igotzeko helburuarekin. Hauxe zen plana. Geroago, Labaza txabolara jaitsi metro dezente galduz, eta hurrengo eguenean Bramatuerotik pasaturik zirkulua ixteko.

Itzela izan zen igoera eta harrigarria jaitsiera. Berandu egin zitzaigun baten bat indarrez flakaturik baitzebilen, baina atzerapen honek ilargipean eskiatzeko abagune magikoa luzatu zigun. Gaueko argitasunean ibiltzea ederra izan zen.

Gau gozo eta ederraren ostean, hurrengo egunean Bujarueloraino bajatu ginen Gotzon eta biok eta asko gozatu genuen elurraz eta paisaiaz.
Lagunei, ostera, sufritzea tokatu zitzaien hartutako desnibelaren ondorioz.

Asteburu ederra mendiz inguraturik.

2008/01/18

SENTSAZIOA


Sentsazio bat da nire pentsamendua,
bere kabuz lan egiten duen makina,
zaratarik gabe.
Ez du nire izena kontuan hartzen,
ez du nire mendetasunik.
Endelegatzen ez ditudan ekintzez
elestatzen dit eta, hartara,
berriro neroni ordezkatuz
idazten ditu gerora laborriz,
doiluturik, irakurriko ditudan lerroak,
mamuak lehen aldiz ikusiko banitu bezala,
deseroso sentiaraziz
harik eta osatugabeko zerbaitek
espazio degradaezina
hartzen duen arte.
Orduan sentsazioa agertzen da berriz.

2008/01/16

EZ DIRA


Ez dira bide guztiak bide berdinak,
ez dituzte txori guztiek hanka gorriak edo horiak,
eta umeak itotzen dira lo hartu ezinik.
Zure ahoak trapezio forma hartzen du
ezpainetan musua marratzen duzunean.
Ez dira guztiak arroz-soroaren aurpegira makurtzen,
batzuek hodeiertza so egiten dute.
Ez da ikara haizeetan nabaritzen den lantua,
ez eta elausoa mendien kode tristea eta ulergaitza.
Kanabera sarrietan ez dira igel guztiak aztoratzen
eta zure sexua ez da ardo zaharraren arreba.
Zure begiek Boudhanath pagodaren misterioa galdu dute.
Ez dira bide guztiak berdinak
urrats bakoitzean amets egiten duenarentzat.

2008/01/15

EZ LIRATEKE


Hegaz bageneki
areka okerrik ez litzateke,
zentzuaren hilobirik ez,
onestasun pozoitsurik ez,
lur arrakalatu idorrik ez,
konploteko ukabilkadarik ez,
musuen opakotasunik ez,
gezur klaustrofobikorik ez,
egi hilberrirako koioterik ez.

Hegaz bageneki
miseria-koagulu hau ez litzateke,
ezetz hermetikorik ez,
bihotz herdoilkorrik ez,
hematomaren hedadurarik ez,
bizitzaren desbaliotzerik ez,
deslai sorturiko besarkadarik ez,
begiraden despotismorik ez,
zure faltaren haginkadarik ez.

Ez lirateke hegaz bageneki;
baina, gaur ere, kalera irten naiz.

-----

contador de visitas

Blog Archive