HIMALAIAN HIRU KOLORE



2006/09/05

KANPAMENTU NAGUSITIK

Aurkiz aurki Hidden Peak-eko mendi eskerga daukagu G-IIrako bidea itxi nahian. Alde guztietatik dauden horma altuek adierazten dute glaziar apurtua dugula sarbide bakarra, igobide malkartsu bakarra. Mendi zirkoa dago beste aldean, Gasherbrum guztiak agertuko dira gure begien aurrean, handienetarik 7000 metro inguru dituen txipienera. Lehenengoz zapaltzen ditugu eremu hauek, eta lagun batek esan zidan zirkoa ikaragarri ederra dela, eta ikusi orduko buruarekin baietz esaten dut nire baitarako, ederra dela, zinez ederra.
Glaziarra da arazo bakarra, serioa, arriskugarria, tentsio handiko uneak izaten dira bertan. Gauez ibili behar dugu bere azalean gora eta behera, dituen pitzadurek ez jateko. Lehen kanpamentura onik iritsiko bagara halaxe egin behar dugu, saguzarrak bezala ibili, egunaren argitan dagoen beroaz arras arriskugarri bilakatzen baita izotza eta pitzadurak beldurgarriago. Arin ibili behar da eguneko lana egin ahal izateko.
Lehen kanpamentutik gora nekatuago baina lasaiago ibiltzen da. Elur jausteren batek arnasa kentzen ez badizu, dena ondo.
“Banana” izeneko maldatik gora 2. kanpamentua dago (6400) eta serak txipiak gainditu ahala 3. kanpamentuaren tokia ikusten da 6900 metrotan. Hortik gora abiatuko gara tontorrarekiko egarria asetzeko asmoz.
Oinarrizko kanpamentura heldu gara, 5200 m. Lehenengo buruko minak baina ondo. Mendia igotzen hasteko irrikan. Bihar deskantsu eguna.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive