HIMALAIAN HIRU KOLORE



2006/07/14

Islamabadetik mendirantz

Skardura heldu orduko lasaitasunak hartzen zaitu une batez. Islamabad-etik ateratzea espedizioaren lehen urratsa da. Hango sargori itolarritik ihes egitea duzu helburu bakarra, berdetasuna eta mendiak bakarrik dakarren freskotasunaren bila.
Horixe bera eskaintzen dizu Skardu herriak, lasaitasuna.
Egun pare bat herrian egon ostean, Askolerainoko bide malkartsu eta arriskugarriaren trantzea igaro beharko da benetako ibilaldiari ekin baino lehen. Askole da Baltoro glaziarrera hurbiltzeko dagoen azken leku populatua. Oso herri pobrea da. Umeak izukoiak dira, ez dira hurbiltzen, Nepalen bezala, zerbait eskatzera, agurra edota barretxua eskaintzera. Gorderik egoten dira etxe barru ilunetan turista andana eta bere parafernalia zaratatsua pasatu arte. Seguruenik duela 200 urte bezain gaizki bizi dira inguru honetan. Toki honetan ezagutuko ditugu gure karga guztia garraiatuko dituzten zama-eramaileak. Eurei esker lortzen ditugu gure helburuak. Hauek barik, nekez helduko ginateke mendiaren oinetaraino.
Aurretik Paiju, Urdukas, Goro, Concordia eta halako izenak dituzten parajeak ditugu atsedenleku. Hauexetan amaitzen dira egun bakoitzeko jardunaldi ederra. Paijun, zama-eramaileek hartzen dute egun bat Baltoro glaziarrean sartu baino lehen. Han janaria bildu eta gorputza prestatu egin dute oinarrizko kanpamenturainoko tarte gogorra zeharkatzeko. Egun gogorrak dira, baina ere berean politenak. Inguruan ditugun mendi granitozkoek lepoa altxarazten digute etengabe beren hegi eta hormen tamainaz jabetu gaitezen. Granitozko katedralak dira, Trangokoak eta harana ixten, Masherbrum zorrotzaren ostean, lehen zortzimilekoak, Broad Peak eta Gasherbrum mendiak.
Ikaragarri ederra da.
Concordiara heltzen garenean K-2 mendiaren piramide perfektuak geldiarazten gaitu ziplo. Egiptokoak baino luze eta argalagoa da. Beldur pittin bat ematen du, hain handi.
Aurrez aurre, Broad Peak zabala. Begiratzean, 99ko gomutak datozkit akordura, eta zein hurbil izan genuen haren tontorra pentsatzen dut, zein eskuragarri, alturako haizete madarikatu eta krudel hura agertu izan ez balitz.
Oso hurbil ditugu gure mendiak, eta gogotsu egingo ditugu azken pausuak, datozen egunetan etxea bihurtuko dugun paraje eskas eta isolatu horretaraino. Han gure dendatxoak jarriko ditugu eta indarrak flakatuko zaizkigu erpinerako saioetan. Hatsalbo ibiliko gara gure hauspoari etekina atera nahian, daukagun energia txikiarekin ahalik eta altuen heltzeko. Tontorreraino, ahal bada.
Handik goitik dena ezberdin ikusten baita.
Oso ezberdina.

-----

contador de visitas

Blog Archive