HIMALAIAN HIRU KOLORE



2007/12/14

MENDIA PASIOZ BIZI

Bete-beteko gozamena dakarkiguten gauzek, berebiziko sufrimendua ere ekar diezagukete; ezin dezakegu gozatu, sufritu neurri batean egin dezakegula onartu gabe. Horrelakoa da maitasuna, halakoa da pasioa, mendiarekikoa edo beste edozerekikoa. Halakoa da bizitza.

Markus Kronthaler deitzen zen eta Broak Peak-eko tontorretik gertu zetzan. Guztiok, hantxe, oso goian bazegoena bagenekien ere, hura topatzean zirrara berezi batek korapilo berria jarri zigun eztarrian.
Bazter batean zegoen, geldi, herioak luzaturiko sokarekin elurretan loturik, mutu, hotz. Joan den urtean egin zituen senperrenak Broad Peak-ek dituen 8.047 metrotara heltzeko, eta baita lortu ere, baina indarrak erabat ahituta, gaua elurraren gainean pasatzea beste erremediorik ez zuen izan III. kanpamenduak eskaintzen duen babesera heldu baino lehen. Eta gaua krudelegia izan zen, ilunegia, hotzegia. Markus ez zen berriz iratzarri.

Bera zetzan tokitik pasatzean begirada arina, lotsatia eta penazkoa bota genion. Urrikalpen edota adiskidantza ezezagun baten zantzuak hartu gintuen bere gorpua ikusterakoan. Aurrera jarraitu genuen, joan den urtean bera haraino eraman zuen pasio berarekin, tontorreraino, eta puntan pozarren sentitu ginen. Jaistean, puntu horretaraino abiatu ziren lagunak Markusen gorpua errekuperatzen ari ziren. Etxera eraman nahi zuten eta hala egin zuten. Orain bere herrian dago.

Beste anitzetan ezinezkoa izan da azken ekimen hau eta mendiak bere magalean gordetzen ditu oraindik, mendiarekin lotura ikusezinak baina pasioz beteak izan dituzten alpinista edota mendizaleak.
Horiei buruz, mendia pasioz bizi izandakoei buruz idazti du Ramon Olasagastik Mendi Minez izeneko lan hunkigarrian, sentsazionalismoan erori gabe, morborik gabe, izan ere, ez dio heriotzaren momentuari inolako protagonismoa ematen, haien bizitzetan hartu baitu oinarria lan honek.
Mendiminez bizi izan ziren lan honetako protagonistak, mendirako pasioz, mendia zelako euren grina. Heriotza bainoago, batez ere bizitza aurkitu zutelako han. Felix Iñurrategi, Jose Luis Zuloaga Zulu, Manu Badiola, Atxo Apellaniz, Miriam Garcia, Xabier Ormazabal, Antonio Miranda, Mikel Ruiz de Apodaka, Xabier Ansa, Leandro Arbeloa, Gerardo Plaza, Ernesto Fonquernie, Jose Luis Domeño Pepe Rayo, Pumorin zendutako bost gazteak, Antxon Alonso, Xabi Guembe, Ruben Aramendia eta David Larrion. Hauen guztien ibilbidea laburbiltzen da liburuan, izaera bat erakutsi nahi duten lekukotzak emanez.

Urte dezentez idazti du kazetari honek mendiari buruz, dauzkan magia eta misterioari buruz, eta maiz tokatu zaio albiste txar baten laburpena egitea egunkariaren orriotan, eta askotan hildako mendizaleek orritxo bat baino gehiago, lerro landuagorik merezi zutelako sentipenak hartu zuen. Sentimendu honetatik sortu zen lan hau.

Mendiak zerbait indartsu du, guztiek arriskua bertan dagoela jakinda hara abiatzen direnean, eta erakartzen zaituen horrek indartsua izan behar du derrigor. Beti esan da alpinistak alferrikakoaren konkistatzaileak direla, zerbait absurdo egiten dutela, eta hala izango da, baina inoiz ezagutu den absurdorik erakargarriena da mendiarekiko grina.
Gizakia eta mendiaren arteko uztardura hertsia zail da esplikatzen, mendia, kirol hutsa baino zerbait gehiago delako. Inguru deseroso batean gizakiak dituen indarrak neurtu nahi ditu natura eder eta basatiarekin. Harreman honetako arauak ezagunak dira mendian ibiltzen direnentzat. Arriskua badago baina berez, inor ez doa mendira bizitza arriskatzeko helburu tentel eta soilarekin. Halarik ere, arriskurik ez balego, den-dena kontrolpean balego, basakeria natural hori hezteko modukoa balitz, seguruenik, mendiak bere erakarmena eta xarma galduko lituzke.

Nola edo hala mendia dugu liburu honetako lerro artean. Himalaia, Patagonia, Andeak, horma luzeak, altura sinesgaitzak, arnas faltak, puntatik ikusitako mundu logikoa, nekeak, eta batez ere laguntasuna, adiskideak, paisaiak, poztasunak eta tragediak, irribarreak eta malkoak, barruak betetzen dituzten sentsazio xumeak (mendia bezain handiak izan daitezkeenak) kausituko dituzue berton.
Seguruenik, Markus Kronthaler alpinista austriarrak ere bizitza osoan sentitu zituenak bezalakoak.

2007/11/27

LERRO ARTEAN MENDIA

Arratsaldeko 17:15 dira. Eguzkiak beste lan bat hartu behar du orain. Puntarik zorrotzenak zorrotzago dirudite eguzkiaren argizko ezpatapean. Oraindik goxo egoten da bana laster batean gerizpe honek beste hotzago bat ekarriko du eta sargori itogarritik hotz nabarmenera egingo du salto. Hala ere une hauek goxoak dira nor bere buruarekin aritzeko, kontrolik gabeko pentsamenduetan murgiltzeko.

Gure gauzatxoak bizkarreratzen dituzten gizonak ez dira astoak eta uda osoan ibiliko dira gora eta behera baldintza negargarrietan, zapata kutre batzuk jantzita, apenas jan barik. Ez da harritzekoa neka-neka eginda egote eta lan gehiago egin nahi ez izatea.
Baltoro glaziarra luzeegia da gizon hauentzat ere.

Joan den urteko aldapa bera igo dugu aurten ere, beste jende batekin, baina haiekin nindoalako sentsazioa izan dut.

Hemen granitoaren geometria bizi da. Angeluek oreka ezinezkoak mantentzen dituzte grabitatearekin. Dena harmoniatsua dela esan daiteke baina kaosaren misterioak hegan egiten du glaziarraren gainetik tximeleta galduak bezala. Gaur goizean horrelako bat ikusi dut. Nora zihoan tximeleta galdua? Harizko infernutik ihes egiteko lorerik kausituko al du?

Hotz egiten du egun hauetan. Afaldu ostean lo-zakuan sartzeko gogoa sentitzen dut.

Harrien artean, txori bi, arra eta emea. Arrak bere estrategia guztiak zabaldu ditu emea erakartzeko. Dotoreziaz egiten du salto harrien artean. Gero mokoka aritu da harriek luzaturiko babesgunean. Hemen leku arrotz honetan, amodioak bizirauteko eskubidea dauka, modu sinplean.

Eguna zuri urratu da berriz. Elurra eta haizea izan dira goizeko lagunak. Keskatzen hasiak gara hainbeste elurrek ez ote dituen goiko dendak apurtu edota amildu.

Zabalegia da mundua gailurretik. Zerutik zenbat eta hurbilago, orduan eta beltzago bera .
Aire gutxi grabitazioan.
Ni ezdeusa, hutsal.
Alturarekin bat eginez ia lurretik kanpo.

2007/11/05

PATIOA

Udazkena sasoirik onenetakoa da eskaladan aritzeko. Ez dugu aukerarik galtzen Riglosera joateko eta Candi gure lagunarekin eskalatzeko.

Oraingo honetan bera eta Yoli ere apuntatu ziren. Berak egiten ditu planak: larunbatean Directa as cimas, eta igandean La Carnavalada. Besoak apurtu!!
Larunbatean, Yoli makinari 6c atera zitzaion; gu gixajoak tira eta tira, 6b+ behintzat kateatu genuen!
Candi es un elegante escalando por las tapias de Riglos.


Yoli en la Zulú. Makina!

2007/10/25

BADA

Bada izotz arrakalatua eta lore txikien usain arina
Bada dimentsioetako nekea eta argiaren plagio primitiboa
Bada nire bihotzaren amnesia eta zure bihotzaren amnesia
Bada granitoaren geometria eta grabitatearen bekatua
Bada nire begietako herdoila eta isiltasunaren ingeniaritza
Bada glaziarretako tximeleta eta harrizko korronte geldia
Bada hegoen bakardade perfektua eta airearekiko adiskidantza
Bada asumitu beharreko altura eta espazio konkaboaren materia
Bada arnasaren etena eta zeru neurribakoaren izpiritua

Bada pisurik ez duen itzala eta lurrean itzalik egiten ez duen gizona

2007/10/05

EDURNEREN GAILURRA

Ferran Latorrek egindako lana da bideo hau. Irudiak itzelak dira eta errealizaioa bikaina. Lagunekin partekaturiko uneak izan ziren hauek.

2007/09/18

AURTEN SUBENTZIONATURIK

Bai, hala da, aurten laguntza asko izan dut mendian, bestela ikusi argazkia.

2007/09/14

GAILURREKO IRUDIAK

Lehen argazkiak atera eta gero, minutu batzuk izan nituen laguna hurbildu bitartean, kamara hartu eta mugimenduzko begirada bat inguruari botatzeko. Eta hauxe grabatu nuen. Haizeak gogor astintzen bazuen ere ezin izan zuen emozioa eraman.

2007/09/04

GAILURREKO UNEAK

Egun ikaragarria izan zen hura. Gailurra begien aurrean agertu zen, urrun baina era berean erakargarri. Haraino 13 ordutan ibili ginen esnatu ginenetik.

8.000 metroetatik hurbil. Gailurrerantz atea zabaltzen duen lepo ederrean.

"Antecima" izenekora heldu baino pixka bat lehenago, munduko hodei guztiek biltzen gintuztelarik.

Tontorrean erantzuna. Bizitza argia eta disdiratsua. Mundua urrunean, logikoa. Jaitsiera amnesikoa etxeruntz. Laster batean, mendiari berriz galdetzeko beharra.

2007/07/28

GAILURRA!!!!

Uztailak 28. Hil honen 20an Broad Peak-eko tontorra zapaldu nuen eguerdiko ordu batean.

24:00etan atera ginen 3. kanpamendutik goia jotzeko asmotan. 9 ordu luze joan zitzaizkigun tontorrerako bidea zabaltzen duen leporaino.

Oso nekagarria eta desesperagarria izan zen elur biguna dela-eta. Handik, lepotik, oso eguraldia aldrebesa eta exkaxa izan bagenuen ere, goraino joan ginen genuen indar guztia probestuz.

Antecima-tik gailur printzipalera oso bide polita eta pozgarria izan zen, eta hala, eguerdiko 13:00etan mendi honek dituen 8.047 metrotara igo nintzen. Oso une majikoak izan ziren han bizi izandakoak, eta malkoak ere ez ziren falta. Familia eta lagunak buruan.

Atzean Fertxo eta Hernan kolonbiarrak, Carlos Soria, eta atzerago Ziri eta Jabi heldu ziren. Gero, Valen, Juanjo, Esther eta beranduago Koke eta Pedro.

Puntatik zegoen espektakulua ikaragarria zen, eta laino batzuek dena estaltzen bazuten ere, gozatu ahal izan genuen tontorreko denboraz. Hala ere, haize indartsuak, hotzak, eta tarteka botatzen zuen elurrak arin bajatzera gonbidatzen gintuzten. Ez zegoen beste erremediorik.
Bakoitzak bere indarretatik tiraka bajatzeari ekin zion. Neu 17:30ean hirugarren kanpamenduan nengoen berriz (guztira 17 ordu baino gehiago), lagunak, geroago, tantaka heldu ziren, eta guztiak onik. Sustoren bat ere izan zen baina zorionez ez zen ezer larririk gertatu.
Genuen poztasunaz, eta zerbait hidratatatu ostean oheratu ginen. Gauez ez zen treguarik izan, iragarririk zegoen haize bortitza agertu baitzen.
Goizean, lehen argiarekin eta haize zuriaren erdian bajatzeari ekin genion guztiok. Luzea, oso luzea izan zen kanpamentu nagusirainoiko jaitsiera. Hara, eguerdiko 14:00etan heldu nintzen, lehertuta, neka-neka eginda baina pozik, aspaldiko partez oso pozik, dena amaiturik baitzegoen. Ez aldapa gehiagorik, ez sofrikario gehiagorik. Saria poltsikoan daukat, ondo gordeta, Broak Peak.
Egun batzuk eman ditugu Baltoro glaziarra zeharkatzen Skarduraino, eta orain hemen gaude lagun-giroan, gure zauri guztiak garbitzen eta sendazten, kilo dezente galduta, baina aurpegi xelebrearekin, alai.
Laster batean etxean izango gara (Inshallad!!). Hegazkina abuztuaren 5ean daukagun arren, aurreratzen saiatuko gara oso garestia ez bada.
Musu eta besarkada handiak sargoriz betetako Skardutik. Eta Zorionak niri!!

2007/07/09

7000 METROTARANTZ

Ekainak 9. Bigarren kanpamentua jarrita daukagu honezkero. Egun eder batzuk agertu ziren itxura txarreko beste baztuen artean, eta oso ondo aklimataturik ez geunden arren (1. kanpamentua ez dugu jarri) gorako bidea hartu genuen 6100 metrotan jarri behar zen dendatxoari leku polit bat topatzeko asmoz. Gau bat pasatu dugu han goian, desolatioaren artean, baina halarik ere gorputzak ondo erantzun du eta hori poztekoa da.
(Irudian 3. kanpamentua)

Bajatu ginenean eguraldi txarrak hartu zuen berriz inguru eder hau, eta hiru egunetan zehar ez gaitu abandonatu. Hausnartzeko egunak izaten dira elurtzaren azpiko hauek, etxean ditugunak gogoratzekoak, esperientzia honen ostekoa zer izango den irudikatzeko uneak, ditugun neke guztiak osatzeko tarteak.

Baina ekaitzaren ostean dator barea eta gaur bertan eguzkiak esnatu nau, eguzki argitsu eta indartsu batek, mendietako maldeetan pilaturiko elurra uxatzen tematu denak. Guretzat relax eguna izango da hau, gorputz flakatua garbitzeko eguna, usain txarreko arropa zikina garbitzeko eguna eta nola ez, lagunekin egoteko eguna ere bai.



Marron, Edurne, Valen, Ivan, Asier, Juanjo, Ferran eta besteak dira nire kanpamentutik hurbil ditudan beste lagunak, kafeak, madalenak eta une goxoak partekatzera gonbidatzen nautenak. Hauei esker etxetik kanpoko ihesaldi honek beste itxura bat hartzen du, luzatzen dizuten berotasuna handia baita.

Bihar bertan gorantz abiatuko gara 7000 metrotan lo egiteko helburuarekin. Dena ondo ateraz gero, datorren ekinaldiak tontorreraino eramango gaitu hemengo jainkoak lagun.

Aste honetan, talde potente bat tontorreraino abiatuko da, tartean Edurne, Pauner, Mondineli, Dumovich, Gerlinder eta maila altuko beste alpinista batzuk izango dira. Hauen urratsa probesten saiatuko gara gu datoren astean, eguraldi txarrak ditugun planak berriz zapuzten ez badizkigu.

Gorantziak Karakorumeko bazter lehor baina eder honetatik.
Seguruenik informazio gehiago izango duzue http://www.edurnepasaban.com/ helbidean eta bideo politak ere bai. Ikus itzazue.
Muxuak.

2007/06/20

SKARDURA HELDU GARA

Ekainaren 20. Atzo gauean, 15 orduko bidaia txikitzailearen ostean Skardu herrira heldu ginen. K2 hotelean sartu gaituzte gure gozamenerako. Lorategi ederretan ibiliko gara lasaitasunaren bila, eta aurrean zabaltzen zaigun margolan ederraz ere gozatuko dugu.
Lotaldi ederra eta etenbakoa egin dugu gaur lehen aldiz Koke eta biok. Gosaldu eta gero biharko petateak prestatzen hasi gara, bihar Askolerainoko bidaia burutuko baitugu. Betiko buruhausteak dakartza bultoak prestatzea, lantzean lantzean jakin behar da non utzi duzun bapatean bilatu nahi duzun hori eta askotan ez da erreza bildu den kaosaren artean. Azkenean lortu dugu petate guztiak 25 kilotan jartzea.
Gero, goiza mantso doala ikusirik, Valentin Giro lagunaren bila joan naiz. Beroa izan da elkarri luzatu diogun besarkada estua. Gustura izan gara gerizpean honetaz eta hartaz mintzatzen, elkarren motibazioak zabaltzen eta partekatzen.

Eguna lasai joango zaigu eta biharkoa gogor etorriko da. 5 orduko bidaia izango dugu Askoleraino. Handik benetako espedizioa hasiko zaigu, lehen urrtsak, lehen nekeak, lehen mendiarekiko harreman estuak. Ametsak berri egi bihurturik.
Musu handi bat munduaren beste aldetik.

2007/06/17

BESTE URRATS BAT

Gutxitan dakigu nora joaten garen eta zaila da deskribatzen bizitzak egiten dituen bira ezezagunak. Misterio hutsa da ezjakinarentzat. Baina gauzarik sinpleenak deskubritzen dira ezjakinen begietara.
Aurten ez nuen bidaia luzerik egin nahi baina hemen nago berriz, Pakistanen, hegazkin baten tripak ekarrita. Orain bide berri bat egiteari ekingo diot, baina guztia ez da iazkoaren moduan izango. Berria izango da erabat, bestelakoa. Hustasuna, etxetik zabaltzen zaidan hustasuna izango da errepikapen bakarra, bueltan osatu eta beteko dudana.

Ekainak 17. Bidaia ez da oso luzea izan eta konturatu orduko arginabarrak esnatu gaitu hegazkinaren barruan. Regency hotelera heldu bezain laster loguretuta sartu gara ohean Rashid nagusiarekin hitz egin baino lehen. Hemen Oier, Andoni, Mikel, Iban, Pepe eta Jaume agertuko direlakoak hartzen nau osoki, freskoegi baitut bizi izandakoa eta bere gomuta oraindik.
Aurten Jabi, Julen, Inaki, Urbis, Iban, Koke eta Pedrorekin etorri naiz berotasun handiko herri honetara, eta errepikapenaren sentsazioa daukat, dena orain dela oso denbora gutxi bizi izan banu bezala.
Poz handia hartu dut Ibrahim Hakon ikusi dudanean atetik sartzen. Ia 10 urte pasa dira elkar ikusi genuenetik eta berdin berdin segitzen du. Besarkada estua luzatu dit.
Biharko planak egiten hasi gara. Breafing egin ostean abiatuko gara Karakorumeko karretera luze eta espantagarri honetan gora, harik eta Skardura heldu arte. Han bestelako giroak egingo digu harrera, bestelako lasaitasunak, mendiarenak, kale huetako kaosetatik urruntzeko.
Faisal Salamat kapitaina izango da gure "oficial de enlace" delakoa. Morroia gaztea da eta jatorra ematen du. Inshallad!!
Gauak Islamabad iluntasunez margotu du eta gu berriz loguretuta.
Musu bat guztioi Pakistanetik.

2007/05/22

AURTEN ERE INSHALLAD!

Ibrahim, Sadiq, Asheraf eta enparauek esaten duten hitza da Inshallad!, zoriak dakarkeena ona izan daitekeelakoan edota ona izan dadin.

Kontrolagaitza dena Jainkoen eskuetan uzten dute bertokoek, Jainkoek beren alde egingo dutelakoan gauza onak ekarriz. Horretarako egiten dute otoitz arratsaldero linea imajinario batek seinalatzen duen toki are imajinario batera begira, norabide zehatzean.
Otoitz horiek gure egiten ditugu hango parajeek euren boterea, isolamendua, gogortasuna eta neurribakotasuna erakusten dituztenean, ttipi sentiarazten gaituztenean.

Maldan gorako urratsak ere apaltasunean emaniko otoitz moduko zerbait dira, tontorrera ailegatzeko ahaleginean indarrak flakatuz doazela, jainkoak ondo portatu daitezen gurekin.

Aurten ere Inshallad! eta Inshallad!

2007/05/17

ZORIAK IRRI EGIN ZUENEKOA

Zoriak anitzetan gidatzen ditu gure urratsak. Irri egiten digu. Niri hala agitu zait. Ihes egin zidan zoriak eskua luzatu eta Karakorum-eko Broak Peak (8.047) begien aurrean jarri dit berriz.

7.850 metrotan dagoen lepotik gorako azken urratsak. Seguruenik, ahuleriak jota baina pozarren. Han, ezkerraldean ikusten den punta, gailurra da. Amets, sufrikario askoren jomuga. Begiak gure baitarako jiratzeko lipar aproposa.



2007/04/17

SAN FAUSTO-ATAURI

Eguraldiak ez du laguntzen eta Riglosera joateko plana bertan behera utzi behar izan dugu.

Gozagarri deritzogun S. Faustora abiatu ginen gure graduari beste bira bat emateko asmotan. Hortxe ibili ginen, 6b+ nekagarriekin jo eta su.


Egun polita, Ataurin amaitzea erabaki genuen. Desplomeak ikusteak alferragotu gintuenez, gure graduari ekin genion berriz, besoen nekadurak eta arratsaldeko euriak deskantsu hartzera behartu gintuzten arte.

Atauri eder agertu zitzaigun ilunabarra baino lehenago.

Desplome beso-aputzaileetan gora.

2007/03/26

G-II KATALANEZ

“Cami sense cim” izan da Jaume Gibernau lagunak botako duen diaporamarako aukeratu duen titulua, joan den urteko bidaia desastrosoari irteera emateko. Oinarrian, hiru lagun mendiaren aurrean. Hiruron sentimenduak eta dezepzioak, hiruron saiatzeen estrategiak, zergatiak, asmoak,… eta laguntasuna, negarrak eta besarkadak.

Jaumek soilik dakien bezala kontatuta, gozatzeko ikusgarria. Hori bai, “sense cim” eta hori ez da erraz irensten. Ni, oraindik eztulka nabil.

2007/03/06

HEMISPHERE

Mendiak, han hori,
hostoak haizearen bakalupean,
zeru borobilak, argiaren flexioak,
hodeien espedizioak,
arrats-beherako tonu plagiagaitza,
hegan doazen lumez beteriko bihotz txikiak,
ezereza gehi oroimena,
bakardadea avec distortsioa,
harriak, hortzak, hitza baino zaharragoak,
itsasoaren ezberdintasuna, bere hiltze isila,
bizitzaren ekarpenak, suaren mugak.

(Argia sortzen den izartegia, Alberdania, 1996)

*************************************
Les muntanyes, aquesta vall,
les fulles en la carícia del vent,
els cels rodons, les flexions de la llum,
les expedicions dels núvols,
el to sense plagi possible de l’ocàs,
els diminuts cors voladors replets de plomes,
el no-res més la memòria,
la soledat avec la distorsió,
les pedres, les dents, més velles que la paraula,
allò diferent de la mar, el seu silenciós morir,
les escapades de la vida,
les fronteres del foc.

(El firmament d'on prové la llum, Alberdania, 1996)

2007/02/27

HEGOALDERANTZ

Jainko guztien katigarioa ote da asteburuko eguraldi kaskar eta petral hau? Astean zehar eguzkitsu egoten da harik eta barikuak bere argiak zabaltzen dituen arte. Geu ezin geldirik egon eta hegoalderantz egin genuen, hemen, iparraldean zeru goibelago eta giro hezeago zegoelakoan.

Patones eta Cabrera bisitatu behar genituela tematu ginen. Eta harantz.


Harri polita Patones-en. Bide are politagoak. Bederatzi bide egin genituen 6a-tik 6b+eraino. Guztiak kateaturik, pege batekin, baina gustura.
Hurrengo egunean euri truxuak. Vellon-era abiatu. Euria eten gabean, eta etxera bueltan.

2007/02/22

IZARREN HAUTSA

“Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai, hauts hartatikan uste gabean noizpait ginaden gu ernai…”

Hala dio kantu famatuak. Geu Liendoko Izarren hautsa (Polvo de estrellas) bidera jo genuen larunbatean. 6c. Beste bide bat egin genuen berotzeko eta euriak harrapatu baino lehen hantxe geunden gure giharrak eta zainak tinkatuz.
Ezinean, ezin kateatu. “Pege” pare bat eta amaieraraino heldu ginen, baina pozik ez.

Egun aldrebestua. Atxarten egiten zuen haize bortitzaren ufadek hona ekarri gintuzten eta horman sarturik nengoela euritan hasi zen. Tanta lodiek rokodromora sarrarazi gintuzten. Han matxake doblea.
Balioko ahal digu!

2007/01/30

ALOÑA MENDIZERRA ELURREZ LEPO II

Panorama ederra izan zen hasi eta buka.

Akaitz mendiaren puntan, lehen bajadatxoari ekin aurretik.
Haizearen buhada gogorrak zaildu zuen ibilaldia, girotu ere bai.

Zuhaitz guztiak perlaz josirik.

Javi, azken birak ematen.
Egun polita. Elurra eta hotza Aizkorrin.

-----

contador de visitas

Blog Archive