HIMALAIAN HIRU KOLORE



2007/01/30

ALOÑA MENDIZERRA ELURREZ LEPO II

Panorama ederra izan zen hasi eta buka.

Akaitz mendiaren puntan, lehen bajadatxoari ekin aurretik.
Haizearen buhada gogorrak zaildu zuen ibilaldia, girotu ere bai.

Zuhaitz guztiak perlaz josirik.

Javi, azken birak ematen.
Egun polita. Elurra eta hotza Aizkorrin.

ALOÑA MENDIZERRA ELURREZ LEPO

Aste beteko elurtea izan dugu Euskal Herrian. Itsasoak ere maluta zuriak irentsi ditu. Hotzak paraje guztiak hartu ditu bere errezelean. Gure inguruko mendietan elur paketa metatu da, eta naturak eskainitako abagune ezin ederrago hau probestu dugu mendi baxutxoagoak eskiekin egiteko. Urtarrilaren 27an Aizkorriko Aloña mendizerrarantz joan ginen mendi zenbait zeharkatzeko asmoz.
Lau orduko ibilbidean Arriurdin, Urrabiatza, Akaitz eta Boteraitz menditxoak egin genituen.

Paraje batzuek Alaskako bazterrak gomutarazten zizkiguten.

Hotza eta haizea izan genituen lagun.

Norvegiako lautadetako parajeak ote?

2007/01/26

GURE MENDIAK

Eskaladore ohia da Jesus Mari Lazkano. Atxarten ezagutu nuen aspaldian, hango harriak eskaladore guztiak batzen zituenean. Bere lanak ikaragarriak dira.
Mendiak, gure ingurukoak ere, ederki lotzen dira oihal gainean berak margotzen dituenean.

Une honetan ikusten ari garelako sentsazioa da zabaltzen zaiguna.

2007/01/17

FISCHESSER ESPOLOIA II

Alfonsoren begietatik ikusitakoa argazkietan.

Egun berriak luzatzen zigun paisaiaz gozatzen, Jordi lehen urratsak ematen ari delarik.

Alde batean tenperatura gozoa, erpinean hotza.


Goitik beherako begirada batez jarraituriko bide luzea eta malkartsua.
Vivac ahaztezinean tramankulu guztiak behar bezala lotzen.

2007/01/16

FISCHESSER ESPOLOIA

Urtarrilaren 13 eta 14an. Elurra galdu da, ez daki nora joan, eta mendietan lurmenak agertzen dira nonahi. Beldurrak egongo da iparralde urrun hartan?
Izotza urriago dago ur-jausietan. Neguko antzarrek eta eskaladoreak harridura aurpegia dugu.

Campbieil (3175 m) handiaren gailurrera jotzen duen Fischesser espoloia fitxatuta geneukan aspalditik. Elur gutxi dagoen sasoi hauetan abiatu ginen bere maldetan gora gozatzera.
Larunbatean atera ginen etxetik, Piau-Engalyra heldu, trasteak prestatu, zerbait tripa barruratu eta lehen izerdiak botatzen hasi ginen Jordi, Alfonso eta hirurok motxilaren pisuaz.
Ertz luzearen lehen largoak belar-harrietan egin genituen. Harria exkaxa, babesteko lotune gutxi eta esposizio handia kasu batzuetan. Beldurrak airean, izerdia bizkarrezurrari itsatsita. Lehen parte hori gainditurik, ertzetik hasi ginen oreka ariketak egiten, ttipi-ttapa, gauaren errezela zabaldu zen arte.
Geunden tokia onena iruditu zitzaigun, hoberik ezin iluntasunean topatu. Elurra zapaldu, sokak ondo finkatu, sokei den-dena lotu, eta bertan “etzan” ginen, hala-moduz, gaua iragaiteko asmoarekin.

Ederra izan zen izarrek luzatu ziguten filma. Ederra, handik goitik harritu nahi izan gintuen arturratzea. Ederra, naturak eskaini digun abagune pribilegiatu hau.
Egunaren lehen koloreekin traste guztiak bizkarreratu eta malda elurtuen gora abitu ginen gailurreraino hiruron arteko azken besarkada ematera. Pozik, inoizkorik gozamen handienarekin barruan.

1.100 metro. Bi eguneko lana, 7 ordu. Poztasuna zabala.

HARRIA BERO DAGO ORAINDIK

2006ko azken egunak dira. Izotz gutxi zerbait behar bezala pintxatzeko. Hotz egiten duen arren eguzkiak berotzen ditu Nafarroako hormak.

Harria bero dago oraindik. Harrietan gora segituko dugu isurkin hormatua agertzen ez den bitartean.
San Faustora joan gara urteari agur esateko. Lizarrako eskola hau zoragarria da. Seigarren graduko bide ederrak daude nonahi, eskura, gure eginahalak asetzeko.

Riglosera joateko gogorik ez eta Irurtzuneko Ahizpetan lotu gara gero. Gaur hotza pasatu badugu ere bidea ederra izan da.

-----

contador de visitas

Blog Archive