HIMALAIAN HIRU KOLORE



2006/05/22

KARAKORUM 2006. INSHALLAD

Hauxe da gure hurrengo erronka. Gasherbrum I eta II.




Lau familiarrok osaten dute mendi erraldoi hauen zirko zuria, eta guztiek zenbakia jarrita dute urduerazko izenaren ostean. Lehena salbatzen da soilik, lehena Hidden Peak ere deitzen baita.

Ez dira handienetan handienak, ttipienak baizik, baina betiko lez, zerutik gertuegi daude.


Ekainaren 17an abiatuko gara abuztuaren 12ra arte. Igoko ahal ditugu! Inshallad!

2006/05/09

ERZT PERFEKTUA. 2004KO UDABERRIAN

Behetik igo beharreko ertzak beldur pittin bat ematen du. Bertikalegia, luzeegia, zorrotzegia dirudi, baina bere harrietan gora zoazela alpinismoak eman ditzakeen une eder horiez gozatzen ari zarelako sentsazioak hartzen zaitu. Alpinista zara!


Ilunabar ikargarri sinpleak eta ederrak. Gutxitan ikusitako koloreekin.

Urrunetik, mendiak oro begien aurrean.


2006/05/08

AMA DABLAM EDERRA II

Ama Dablam mendia Sherpen mendi sakratua da. Edertasunak sakralizaturik, seguruenik.
Munduan dagoen mendirik ederrenetakoa dugu.

Alberto Zerain oso alpinista tekniko eta indartsua da eta Eneko Pouk, Iker anaiarekin, bikote indartsua osatzen du alpinismoaren munduan.


AMA DABLAM EDERRA


Udaberrian mendi ederraren oinetara abiatzeko parada izan nuen Alberto Zerain, Eneko Pou eta Juanito Oiarzabalekin batera. Ikaragarri ederra da Ama Dablam mendia, ederra eta zaila. Udaberria izaten da arorik bereziena bere ertzetatik gora abiatzeko. Udazkenean jendez beterik egon ohi den mendi hau erabat bakarturik topatu genuen udaberri hartan. Gure aurretik errusiar batzuk pasatu ziren eta gero gu. 12 egun oinarrizko kanpamentuan egin ostean, tontorrera iritsi ginen marroi baten erdian, izoztuta, erabat izoztuta baina pozik, alturan pozik.

CHO-OYU-ko ELURRA ETA ZERUA

Altua da. Agian altuegia, baina ederra.

Elurra zuriegia, zerua ilunegia.


Han ere koloreak bizirik

Jaumerekin 8.201 metrotan. Pepe eta Jordi gogoan.

TIBETEKO AIRE HOTZA. 2003ko Urrian


1917an, Alexandra David-NĂ©el-ek, Tibetera joateko eta zeharkatzeko ausardia bildu zuen lehen esploratzaileetariko batek, hauxe esan zuen ikusi zituen paraje eta lurrez: “Estepak, bakardadeak, betiereko elurrak, eta han goian dagoen zeru argi handiak betetzen ninduten.(...) eta isiltasunean murgiltzen nintzen betirako, haizeak baino ez zuen jotzen, bizitzarik gabeak eta ia hutsik ziren bakardadeetan, harri ikaragarrien kaosean, mendi izugarrietan eta argi itsugarrizko hodeiertzetan. Herri hau beste mundu batekoa da, titanen herria, jainkoen herria. Liluraturik nago.”
Nik, orain, hango lautada iharrak ibili eta gero, hango zeru itsugarriak ezagutu eta gero, hango mendi handi, hotz eta harrigarri bat igo eta gero, antzeko sentipen batek hartuta naukala esan ahal dut.
Irailaren erdialdera heldu ginen Pepe, Jaume eta hirurok, Malcom, Mike, Niklas, Kinga, Sylwia eta Marcinekin batera mendiaren oinetara. Hutsaren hurrengo arimak ginen, eta liluratu egin ginen handitasunarekin, bere bazterretan eta hegietan zabaltzen zituen formekin, eta nola ez, han osteka bildurik zegoen jende elemeniarekin. Gehiengoak oxigenoa erabilita igoko du mendia.
Cho-Oyu-k elurrezko izara zuria zabaltzen zuen goizero gure oihalezko denden gainera. Gauean maluten oin txikiak emaro entzuten nituen kanpoan oihalari xera eginez, korrikan, ume txikiak balira bezala. Noizbait argitu eta eguzkiak berotuko zuelako esperantza nuen, baina uste nuenaz bestela, dena zuri, mantso, geldi eta hotz agertzen zen goiz guztietan nire begi lausotuen aurrean.
Ondoko egunak izerdiak eta erostak botata, kilo batzuk galduta, haserreak janda eta dudarako edo tristurarako orduak, eta negarrerako minutuak eman ostean, urriaren 2an, geunden puntutik haizeak ondo orraztuta eta ikusezina zitzaigun gailurrera joan behar genuela erabaki genuen. Beldurra ematen zigun haizeak, beldurra ematen zigun hotzak, beldurra Nangpa-La-tik zetorren afrontuak. Handik, kontrako norabidean abiatzen ziren Namche-Bazaar-era zihoazen yak ilarak. Guk bezala, elurra zuten arerio nekaezina, gogor jotzen baitzuen egun haietan dena estali nahirik. Nire begirada ezarian ere estali zidan elurrak.
Gero eguzkiarekin batera haize bortitzagoa etorri zen. Koleraturik zirudien haizea gailurra goldatzen hasi zen, ingurua hozten, gure itxaropena, bihotzean agitzen den bezala, erdibitzen.
Halarik ere zortzi mila metroetan zirimolaren azantzak sortzen zuen presioari jaramonik egin gabe, gorantz anitzetan begiratu gabe, lehen aldapak igotzen hasi ginen ostera ere.
Egun bi haizeak ondo astinduriko II. kanpamentuan (7.150 m) eman ondoren, urriaren 5ean, erabat oskarbi urratu zen eguna, edonor ahultzeko moduko hotz ikaragarriarekin baina garbi eta nahiko lasai.
Ez genuen suertatu zitzaigun aukerako trenpua galdu eta hotzak igarota baina txunditurik, Cho-Oyu-ko tontorrean (8.201 m) egon nintzen Everest mendiari begira, tentelduta, Juanito iritsi eta besarkada estu batek lotu gintuen arte, altuetarako anaia den Jaumerekin negar batean urtu nintzen arte.
....haizeak baino ez zuen jotzen, betirako murgiltzen nintzen bizitzarik gabeak eta ia hutsik ziren bakardadeetan, harri ikaragarrien kaosean, mendi izugarrietan eta argi itsugarrizko hodeiertzetan... gomutatu nuen, eta geroxeago Einstein etorri zitzaidan akordura.
Einstein-ek esan zuen behin badaudela bi era zure bizitza bizitzeko. Bata da ezer ez dela miraria pentsatzea. Bestea dena miraria dela pentsatzea.
Eta mendi altuetan mirariak ederrak dira.

HIMALAIAN HIRU KOLORE

Himalaian hiru kolore:
Lurrarena.



Elurrarena.

Eta Zeruarena.

Hauek guztiak, bizitzarena.

-----

contador de visitas

Blog Archive