HIMALAIAN HIRU KOLORE



2009/04/06

KATALUNIA

Zulu egin osteko neke gozoak eta motibazioak Katalunia aldera eraman gintuen. Vilanovara gauez iritsi ginen eta gau goxoa pasatu eta gero, Musical Express (6b+) bidean sartu ginen. Hortxe hasi ginen aurreko eguneko egurraren hondarrak semtitzen. Besoak arin nekatu zitzaizkigun baina hala ere gozamenerako tarte polita izan genuen. Eguerdi partean aipaturiko bidea egin ostean, berriz bertikaltasunari fereka egiteko gogoa. batetik irten eta bestean sartu. Nekronomikon, 5 sakaldi dituen bidean sartu ginen, freskurak inguruak hartzen zituelarik.

Candi eta Yoli zain geneuzkan Tarradets herrian. Hara joan ginen. Gustura afaldu ostean, eta gero eta handiago bilakatzen ari zen marrantarekin gau deserosoa pasatu ostean, Reina Puig bidea zain geneukan. 500m-tako horma ederra bide are ederrago batek zeharkatzen duena. Orduak eskalatzen, lagunen konpainiarekin gozatzen eta hustasunari erreparatzen. Bihotzaren diametroa handituta. Enarak kaligrafiak egiten airean, izenak, tokiak, desioak, musuen katalogoak.
Cap de Ras edota Ager-eko hormak begiztatuta geneuzkan iganderako, etxerako itzulerari ekin baino lehen. Fanal Nocturn bidea izan zen aukeratu genuena. Lekua paradisiakoa da. Oso jende gutxi, paisaia ederrenetako bat.

Egunak borobilak izan ziren, distantziak egiten dituen magia trukuak deskubritu barik. Besoak nekatuta zeuden arren, besarkadak emateko besteko indar bazuten tarte irudimenezkoetan.

2009/04/01

ZULU DEMENTE

Bai, nahiko demente egon behar da horrelako tokitan sartzeko, baina dementziak mota askotakoak izaten dira, desoreka propioak agintzen dituzte egoera hauetan. Faltak buruan, faltak bihotzean, desloturak eta loturak.

Geu lotuta joan ginen burua zerura jartzera eten gabean, hango hormatzarrari atxikirik, tipi-tapa gorako bideari ekiten genion bitartean. Beti gora begira, bihotzez beteriko hegazkinak, ugatzak, saiak bikoteka, amildegiaren testurak, arnasaren etenak, eta beldurren bertikaltasuna ikusten genituen bitartean.

Gogotsu hasi ginen eguzkiaren gorritasunak ezpain baten kolorea horman jartzen zuelarik, baina 6. soka-luzean besoak ahituta sentitu nituen, Popeyerenak bezalakoak jarrita, egurtuta, egur bihurtuta. Hainbeste entrenamendua eta ezin Zulu kateatu.... Hortik gora spit batetik bestera saltoka jolastu genuen, azken metro gogorrenetarako genuen indar apurra gorde nahian.

Eta ondo atera zitzaigun, 300 metroren ostean horizontaltasunak bere espazioa aldarrikatzen duen tokian uhuka eta irrintzika ailegatu baikinen, ametsetako Zulu Demente bide ospetsua buruturik, nekatuta, baina era berean energiaz betetik.

Gure gainetik hegazkinak soilik, distantziaren geometriak marraztuz.

-----

contador de visitas

Blog Archive