HIMALAIAN HIRU KOLORE



2018/02/06

MISS


Atzera begiratzen duzunean behinolako bizipenak, harremanak eta garaiak ikusten dituzu lanbrotuta. Batzuetan, denboraren zurrunbiloak zirkulu bat itxi duela begitantzen zaizu, eta han, espazio urrunean dagoen hori guztia, nolazpait, benetako iragana dela sentitzen duzu, betirakoa.
Sentsazio hori izan dut asteon Himalaiako kronista ezaguna zen Miss Elizabeth Hawley kazetari estatubatuarra zendu dela jakin dudanean. Berarekin egoteko abagunea izan nuen hainbat alditan, eta guztietan -inoiz mendi altu batera igo ez zen arren- mendia inoizkorik ondoen ezagutzen zuen aditu baten presentzian nengoela iruditu zitzaidan. Txoferdun Volkswagen zaharrean etorrita, berak hartzen gintuen ostatu emanik geunden hotelean, Katmandura heldu eta hurrengo goizean. Hantxe berriketan aritzen ginen genituen planez. Nortasun serioko emakumeak galderak egiten zizkigun: zein zen zure lana, zein mendi igoak zenituen, zein bide, …. Eta bueltan: zein ordutan tontorrean, zer ikusten zen, nor zegoen zurekin, zenbat ordu gorakoan, …. Detektibe pribatuaren ohiko galdeketa. Trebea zen galdetzen, eta zorrotza iritzietan. Horiei esker, Nepalen egin diren espedizioei buruzko datu base ikaragarria lortu da. Bere aurretik himalayismoaren eskalatzailerik inportanteenak iragan ziren, eta eurek ere onartu behar izan zituzten emakumearen ezezkoak eta ezbaiak, bera izan baitzen mendian egindako iruzurra edota gezur-jarioaren igoera azaleratzeko eta argitzeko ahalmena zuen bakarra. Bere berba ezpal onekoa baitzen. Hamalau handiak igotzeko lasterketan murgilduta zeuden pisu handiko mendizale dezentek berriz errepikatu behar izan zuten igoeraren bat edo beste, Miss Hawley dudazkotzat hartuta baitzuen.
Handienak zapaltzen munduko lehen emakumea zein zen ebasteko orduan, Oh Eun-Sun korearraren eta Edurne Pasaban mendizalearen arteko lehian, bera izan zen epaile.
Guztion miresmena zuen irabazita, baita bizileku izan zen Nepal herriarena ere, hainbestean ezen Nepalgo Gobernuak egindako berebiziko lanagatik Hawley izena ipini zion sei mila metroko mendi bati.





-----

contador de visitas

Blog Archive