HIMALAIAN HIRU KOLORE



2014/04/03

AGUR EVEREST

Sasoi honetan abiatzen dira mendizaleak Himalaia aldera. Gaur berton, sherpak ari dira lanean Everesteko kanpamendu nagusian, negu bortitzak eta glaziarraren mugimenduak altxaturiko harritzarrak ordenatzen, datozen egunotan hainbat alpinistentzako bizitokia izango dena, behar bezala atontzen eta eztitzen. Hala ikusi nituen nik joan den urtean. Hara heldu eta plataforma handiak, eskailerak eta kale modukoak izan zitezkeenak eraikiak zituzten. Lan itzela egina zuten sherpek. Eta urte honetan ere, betiko moduan arituko dira lan eta lan, alpinista dirudunei harrera gozoa egiteko. Everesteko kanpamentu nagusia, ekialde eta mendebaldetik datozen mendizaleen neurrira egokitu nahi dute aurten berriz, inolako kexarik egon ez dadin, inolako deserosotasunik atzeman ez dadin, abentureroak etxean bezala senti daitezen. Hau da, mendi itzela otzandu nahi dute, meneratu, mendizalerik dorpeenak ere, kriston dirutza gastatuz, bere tontor minimoa zapal dezan. Aurten gainera ez da ezer txarrik gertatuko, izan ere, poliziak ere jarri nahi dituzte hain populaturik egongo den kanpamentu nagusi horretan, liskarrik, lapurtzerik eta bestelako ekintza deliktiborik gerta ez dadin. Mendian, hiria eraiki nahi dute. Mendira joan nahi duzunean, hiritik ihes egiteko da; bestelako parametro batzuk topatzera abiatzen zara eremu pribilegiatu horretara. Eta orain, kafetegiak, ospitaleak, zine aretoak, tabernak eta bestelakoez gain, polizia bulegoa ere topatuko duzu. Laster batean supermerkatua ere jarriko dute, non denetarik topatuko duzun, prezio ezinezko batean, alajaina! Azken lerdokeria da, mendizale bakoitzak alturatik, zortzi kiloko zabor poltsa baxatu beharko duela. Trapitxeo galanta sortuko da hor, eta sherpek beste diru iturri bat izango dute, Ministerioak jarritako garbiketarako tasa gobernuak poltsikoratzen duen bitartean. Legeak egiten duenak, tranpa pentsatua du aurretik. Tontorrera heltzeko, Hillary step izenekoan, eskailerak jarriko dituzte jende metatzeak ekiditeko. Kaosa handiago izango da urterik urtera, katastrofe handia gertatu arte. Teleferikoak, hurrengo pausua! Agur Everest.

-----

contador de visitas

Blog Archive