HIMALAIAN HIRU KOLORE



2012/03/19

MY HEART GOES OUT TO YOU

Hunkiturik nengoen. Eguna luze etorriko zelakoan geunden. Besteekin hitz eginda, gaueko hamabietan ateratzeko ginen. Urratsa zabaldu beharko zen elur bigunean gau osoan zehar. Gau mineko ordu horretan, batzuk elkartu ginen gorako asmo irmoarekin, eta hasieran traidoreak begitandu zitzaizkigunei itxaron barik, lehen pausuak ematen hasi ginen tontorrerantz. Sasoiko nenbilen, gogotsu, eta hala, ordu dezentetan aritu nintzen elurra bota sendoekin zulatzen. Mendi-lepoaren azpian, atzetik lasaiago zetozenak bildu zitzaizkigun, eta indartsuen zetozenek tropeltxoaren burua hartu zuten. Aurretik lumazko mono laranja zeraman mutil kankailua jarri zen, eta beronen aurrean lumazko jaka limoi koloredun beste bat. Lepora helduta, askok buelta eman zuten ahuleziak jota. Nik birritan pentsatu gabe, hauen atzetik jo nuen hasieran bezain motibatuta. Metroak gora egin ahala, lainoek hartu zuten ingurua, eta bere baitan bildu gintuzten. Azken metroak falta ziren hodei loditik limoi koloredun figura bat agertu zitzaidanean. “Congratulations” esan nion, tontorretik zetorrela uste osoa bainuen. “Five minutes, and summit” erantzun zidan eskua estutzen zidalarik. Horrela izan zen. Broak Peak-eko gailurrera heldu nintzen emozioa begietan lehertzen zitzaidalarik, eta une magikoak bizi ahal izan nituen berriz. Behin espedizioa amaituta, kanpamentu nagusia batu eta etxeranzko bide luzeari ekitear geundela, bide bazterrera agertu zitzaidan mutil kankailu hura. “Congratulations”, berriz, eta “Thanks for opening the way”. Hunkituta esan zizkidan hitzak eta hunkituta jaso nituen. Elkar besarkatu genuen gero agur esan baino lehen. Hori 2007an izan zen. Lau urte beranduago Hidden Peak-eko tontorrean mutil hura berriz besarkatzeko abagunea bizi ahal izan nuen. Hainbeste desgaste fisikoaren ostean, desiraturiko tontor borobilean Gerfried Goschl-ek estutu ninduen pozarren. Berriz hunkitu ginen biok, mendiarekiko pasioak ematen duen emozio berberarekin, orain une honetan idazten ari naizela, berriz begietan lehertzen zaidan emozio berberarekin. My heart goes out to you, Gerfried!

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive