HIMALAIAN HIRU KOLORE



2011/11/28

V BAT ZERUAN

“Hiztegiek diote ahatea bezalako hegaztia dela antzara, baina handiagoa, eta grisa duela lumajea, laranja kolorekoa mokoa, gorrixkak direla bere hankak. Entziklopedietako argazkietan ikusten dugunean, berriz, hegazti zein txori guztiek duten begirada serioa antzematen zaio berari ere, eta, nahiz kopeta handirik ez duen, kopetiluna dela esango lukete askok”.
Aspaldi batean horrelaxe hasi zuen Bernardo Atxagak eman zuen hitzaldi bat, antzarei buruz hitz egiten.
Joan den astean gure geografia zeharkatu zuten hegora bidean txori hauen aldra handiek, marra luzeetan, hodeiertzari plagio ordinarioa eginez.
Udagoieneko hego-haizearekin batera hasten dira pelegrinazio nekagarrian, batak besteari adorea emanez, gauetako isiltasunean erraz adi daitezkeen kantu xumeez.
Txikitan etxeko leihoa lubaki bihurtzen nuen larrazkenean, harik eta lehen saldoak ikusten nituen arte. Gauez ere entzuten nituen, elkarri mintzatzen, gauean talde bateratutik inor gal ez zedin.
Harridura sortzen didate. Gaztetatik sentitu dut hori. Harridura eta mirespena oreka sinplean. Distantzia kilometrikoak korritu beharreko obsesio biologiko hori, senak agindutako helburura iristeko irrika apartekoa. Une batean, hegoak zabaldu, guztiok batera aireratu eta norabide ia zehatzari ekin.
Nire urteroko hitzordu biologikoa ere bada. Eta hala, begiak zeruan iltzaturik daramatzan gizona naiz, noiz agertuko zain, kontaktu bisual hori noiz gertatuko zain. Ez diote mezuak, hizkiak edota zenbakiak izkiriatzeko ohitura zaharrari huts egiten. Hala, batzuetan abecedario berria idazten didate hodeien artean, edota V bat, gero progresiboki 7 bat bilakatuz doana. Joan den astean 1 zenbakia idatzi zidaten, eta gero marra luze-luzea, eta azkenik L baten forma hartu zuen denak.
Gure buruen gainetik txoriak iragaten direnean, intentsitate berezia zabaltzen da larruazaleko poroetatik. Inoiz zozoekin ere gertatu zait. Saldo zenbakaitzak zuhaitz artean ziplo agertu, airearen mugimendu eskergak sentimenduen lekualdatzea ekarri, eta ondoan duzuna besarkatzen duzu. Intentsitate berberarekin. Betiko besarkatu ere.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive