HIMALAIAN HIRU KOLORE



2011/05/31

ARIMAREN EZPALAK

Aizkorari heltzen dio eskuartean eta arimari ere ezpalak ateratzen dizkio, hatsalbo dagoela, arnas batean dagoela, egurraren zainari begia kendu gabe, hodeiertzari begiratu gabe. Gero bai, burua altxatu eta zerura so egiten du, laino guztien azpitik dauden mendietara, sasi guztien gainetik dauden hodeietara. Deskantsua hartu barik, harako da, mendirako jantzia, eta aire fineko altura irenstera doa.
Halakoa da Alex Txikon. Energia iraungiezineko mutila, espontaneoa, bizia, sendoa, naturala, apala eta hitzezkoa. Gustuko ditu mendiak, txikiak zein altuak, baina azken urteetan bere urratsek Himalaiako mendi erraldoietara eraman dute, eta hala, handienetan handienekin neurtu ditu gogoa eta odola, nekea eta ilusioa, ametsa eta pasioa.
Joan den urtean, berarekin biltzeko zoria izan nuen Tibeteko lautadak zaintzen dituen Shisha Pangma mendiaren magalean. Aspalditik elkar ezagutzen bagenuen ere, artean mendian indarrak batu gabekoak ginen, bakoitza bere aldetik ibilia baizen. Han, ametsaren bideak elkarganatu gintuen, eta mendi zabal haren erpinak ere bai, izan ere, puntaren puntan, Edurenen proiektua betetzen zen bitartean, berak eman zidan jaso nuen lehen besarkada.
Harrezkero bion ilusioak bat egin eta kidetu dira, eta bazter ederretara eraman ere bai. Aurten, bere konpainian eta Jose Carlos Tamayo alpinista zaildu eta miretsiarenean, Karakorumeko mendietara egingo dugu ihesaldia, nork bere ilusioei ateak zabaltzera, une magikoak partekatzera eta gutxitan bizi daitekeena bizi izaten saiatzera.

Egun hauetan, beste lagun batzuek alturetako parajeetan pairatu behar izan dutenarengatik pilatutako nerbioak atzean utziko ditugu, eta dugun eskarmentu, kontu, grina eta energia guztiarekin, hitzekin nekez azal daitezkeen sentsazioak arnastera joango gara.
Alexek, joan den ostegunean ekin zion 7000 kilometro baino gehiagoko abenturari, haraino kotxez joango baita, Felix-Baltistan Fundazioarekiko elkartasunezko proiektu bati laguntzeko.
Gero, Gasherbrum mendira abiatuko gara, eta hatsalbo gaudela, arnas batean gaudela, arimari ezpalak aterako dizkiogu.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive