HIMALAIAN HIRU KOLORE



2011/02/17

G II


Esku bateko hatz guztiak zenbatuta bakarrik. Horixe, gutxi. Hala, gutxiengo batek lor dezake orain Pakistango Karakorum mendilerroan hiru morroik lortu dutena. Hiru lagun, eta 8000 metroko mendi erraldoia igotzeko aurretik, eta gauzak konplikatuago jartzeko, neguan.
Simone Moro, Denis Urubko eta Cory Richards izan dira neguaren infernuari aurre egiteko ausartu diren animaliak.
Nepalgo zortzimilako dezente igoak izan dira neguan honezkero (Simone Morok Makalu eta Shisha Pangma zapaldu ditu urtaro horretan) baina erronka handia zegoen Pakistanen, han zeuden bost altuenek neguan igotzeke jarraitzen baitzuten. Simone Broad Peak-en saiatua zen aurreko urte batean, eta ezin.
Aurten Gasherbrum II mendian egin nahi izan ditu senperrenak eta horretarako Denis Urubko mendizale ahaltsuarekin eta Cory Richards alpinista esperientziadunarekin hirukotea osatu du.
Saiatzeak saria izan du, joan den astean lortu baitzuten, haizeak kolpaturiko mendiaren gailur hotza zapaltzea.
Ikaragarria izan da neguak jarritako baldintzetan egunak ematea, mendian gora lan egitea eta tortura horretatik oinik irtetea.
Mendi hauetara, ardurenean, ekaina eta uztailean joan ohi da, eguraldi eztiago bat topatuko duzulakoan, eta halarik ere zeropeko 20 gradutik gora ibiltzea arrunta da, baina eguraldi onaren epeltasunaz ere goza daiteke anitzetan.
Neguak, parametro hauek erabat aldatzen dira. Neguko hotzari beste zeropeko 15 edota 20 gradu gehitu behar zaizkio.
Honek esan nahi du ezin duzula ezertan hutsik ere egin. Udan, agian, gau bat pasa daiteke kanpoan galduta, zendu barik; neguan, hobe duzu dendatxoaren babesa topatzea, bestela zureak egin du.
Ez galdu ez eskularrurik, ez betaurrekorik, ez galtzerdirik; hutsegite txikiena tragedia bilaka daiteke.
Alpinista hauek duten eskarmentuak goranzko ahuleziatik eta jaitsieran eraso zieten elur-jausietatik salbatu ditu.
Egoera horretan, beldurra izaten da areriorik kontrolagaitzena. Izan ere, gizakiok ez dakigu zenbaterainokoa den ekaitzaren, elurraren, hotzaren energia gupidagabea.
Naturak, beste askok bezala, ez baitu eskrupulorik.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive