HIMALAIAN HIRU KOLORE



2010/07/08

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza 6.200 metrora iritsi dira, Broad Peakera igotzeko zabaltzen ari diren bide berrian egin duten lehenengo egunean, eta izotzezko pitzadura baten barnean ezarri dute gaua igarotzeko denda. Naturgas – Basque Team espedizioko mendizaleak goizeko 4.30etan abiatu dira oinarrizko akanpalekutik (4.900 m.) eta 10.30etan amaitu dute gaurko lana (Pakistango ordua), uste zutena baino askoz bide hobea topatu ondoren, izotz eremu askorik gabe. Aukeratu duten bide hau, sekula inork burutu ez duena, zuzenean doa Broad Peakeko ipar eta erdiko gailurren artean zabaltzen den leporaino (7.300 m. inguru), eta handik bi tontor horiek (7.550 m. eta 8.013 m.) eta tontor nagusia (8.047 m.) lotu nahi dituzte, historian bitan bakarrik egin den zeharkaldia errepikatzeko asmoz.
Horretarako, uztailaren 12a arte luzatuko omen den eguraldi lehorra baliatu nahi dute, nahiz eta zenbait aurreikuspenek dioten asteburuan haize bolada oso bortitzak izan daitezkeela gailurretan. Datozen egunetako aurreikuspenek zehatzago adieraziko dituzte mendizaleek zeharkaldia osatzeko dituzten aukerak.
Bihar, uztailak 9, leporaino ahalik eta gehien hurbiltzen saiatuko dira (7.300 m.). Bidea berria denez, mendizaleek ez dute oso argi izotz eremuak edo aseguratzera behartuko dituen luzeak topatuko ote dituzten: horrek martxa mantsotu egingo luke eta gaua pasatzeko plataformaren bat zabaldu beharko lukete maldan bertan. Askoz hobea litzateke, jakina, lepora heltzea, bertan bigarren gaua erosoago pasatzeko aukera izango luketelako.
Uztailak 10ean, larunbata, Broad Peaken ipar gailurrera igo (7.550 m.) eta lepora itzuli nahiko lukete, hirugarren gaua bertan emateko.
Haizeak asmoak zapuzten ez badizkie, igandean erdiko gailur zaila eskalatuko dute (8.013 m.) eta gailur nagusiaren magalean dagoen leporaino jaitsiko dira, azken gau oso altua pasatzeko (7.800 m. inguru).
Hemendik aurrera Broad Peakeko ohiko bidearekin bat egiten du mendizaleen asmoak. Astelehenean, uztailak 12, eguraldi lehorreko azken orduak baliatuz, zeharkaldia amaitzeko aukera izan dezakete: gailur nagusiraino igo (8.047 m.) eta espedizio gehien-gehienek erabiltzen duten bide arruntetik oinarrizko akanpalekuraino jaitsi.

Igotzeko aukeratu duten bidea berria da, hiru gailurren zeharkaldia historian bitan besterik ez da burutu eta Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak beste osagarri bat gehitu diote proiektuari: estilo alpinoan egingo dute, modurik azkar, garbi eta arriskutsuenean, alegia (behar duten material guztia eurek garraiatzen dute, ez dute aurretik ez sokarik ezta akanpalekurik ezartzen, ez dute zamaketarien edo oxigeno artifizialaren laguntzarik).
Estilo autonomo honek arin ibiltzea eskatzen du. Mendizaleen menua, adibidez, ikaragarri murritza da: gosari eta afariak soilik. Egunean zehar, barra energetikoren bat besterik ez dute jaten. Gosaltzeko, tea eta zerealak. Lehenengo afarirako, kuskusa atunarekin eta barazki-krema prestatuko dute. Bigarrenerako, patata-purea eta zopa. Hirugarrenerako, arrozesne liofilizatua eta galleta batzuk. Eta laugarren eta azkenerako, zopa besterik ez. Halako garaieretan mendizaleek ez dute jateko gogorik izaten eta edatearena da kezka nagusia. Horretarako, elurra urtu eta mineraldun hautsak gehitzen dizkiote.
Motxilatan 12 kilo baino gutxiago daramatzate, igoera eta zeharkaldirako material guztia barne: hirurek lo egiteko erabiliko duten bi lagunentzako denda, zaku bana (oso arina: kilo bat baino gutxiagokoa), esterila txiki bana, altuerarako arropa berezia (lumazko buzo integrala, eskularruak, betaurrekoak…), plataformak zabaltzeko pala bat (kirtenik gabe: horretarako, pioletak erabiliko dituzte), kopeta-argiak, oinarrizko akanpalekuarekin hitz egiteko walkie-talkiea, bideo-kamara bat, argazki-kamara bana, botikina (batez ere buruko min arinentzako aspirinak eta edemetarako kortikoideak)…
Eta eskalatzeko tresnak falta dira: bakoitzaren kranpoi, kasko eta bina piolet, gehi kevlarrezko soka pare bat (50 metro luze eta 5 milimetro lodi), izotzetarako sei torloju, harkaitzetarako titaniozko lau iltze, sei fisurero eta elurretarako estaka bat. Azpiegiturarik gabe eta zama astunik garraiatu gabe, halaxe burutu nahi dute Broad Peakeko hiru gailurrak zeharkatzeko bide berria.

http://basqueteam.com/broad_peak/expedicion.php

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive