Eta zuri eta beltzaren arteko ertz horretan, hala imajinatzen dut azken egunean Alberto, nekeak jota, ahituta, burua altxa eta altxa, ia distantzian noiz ikusiko punta zorrotz hura, 8.047 metroek mugatzen dituena, Broak Peak-eko punta guztietako soslaitik marraztutako linearen amaiera izango dena.
Gomutan dut 7.850 metro dituen lepora heldu nintzenean, egin nuen lehen keinua tontor printzipalera begiratzea izan zela, eta nire begien aurretik zabaltzen eta luzatzen zen ertzaren perfekzioaren edertasunaz gozatu nuen; eta egin nuen bigarren gauza, erdiko tontorrera begiratzea izan zela, eta altura horretan gelditzen zaizun burmuin exkaxean Kukuczka eta Kurtyka agertu zitzaizkidala ertz malkartsu eta arriskugarrian jaisten.
Orain, hiru euskaldun agertuko zaizkit burmuin desgastatu horretan, eurek bidalitako argazki zuri-urdinak, alturako paraje deskribaezinak.
Hiru mendi, hiru tontor eta oinatz bat hirurona, euskaldunen bulkadaz zortzimilako batean zabaltzen den bide berri batean. Lehen, 7.550 metrora (Iparreko gailurra), lo egin ostean 8.013 metroak dituen erdiko tontor bihurria eta azkenik, 8.047 metroko Broak Peak-eko tontor nagusia. Hori zen proiektua, ametsa eta errealitate bilakatu dutena.
Bide berria mendi zahar batean; mendizale zaharrak, mendi berri batean.
No comments:
Post a Comment