Mendiak zer ematen dizu?
Sisha Pangmako tontorrera bizirik sentitzeko gogoak eraman ninduen. Horrelako momentuetan, tontorrean, jendez inguratuta baina zeure barruan zaudenean, inoizkorik bizien sentitzen zara. Nahi duzuna egiten ari zarelako eta aske sentitzen zarelako. Pena da Katmandutik presaka joaten zarela. Oso hiri kaotikoa baina oso interesgarria da. Bertako toki mistikoetan sentitzen duzun espiritualtasuna oso erakargarria da.
Literatura bakarkako bidea da. Mendira, aldiz, taldean zoaz. Biak dira osagarriak?
Himalayan egin ditudan espedizio guztietan Kataluniako nire lagunekin, Jaume Gibernau eta Pepe Tayrekin, joan naiz. Hirurok modu berean bizi dugu espedizioa eta nork berea ere bizi izaten du plano intimoagoan. Lagunak izanik pribatutasun hori badakigu errespetatzen, eta zure baitako bizipenak ezinbestekoak dira mendian. Nik uste horretara joaten naizela, muga psikologiko eta fisikoak non dauden ikusi eta nolakoa zaren gehiago jakin eta pertsona hobea izaten ikasteko. Horretarako oso toki ona da.
Literaturak ere ematen al dizu argibiderik?
Egunerokoan murgilduta zaudenean literatura ihesbidea da, paradisua. Zure parametroak kokatzen dituzu eta badakizu zelakoa zaren, idatzitakoak zer adierazten dizun zuk pentsatutakoaz. Bide biak, mendia eta literatura, ikasbideak dira. Azken finean, nahiz adinekoa izan, konturatzen zara bizitza zer den apenas dakizula. Egun batean dena kontrolpean duzula uste duzu eta hurrengo egunean dena hankaz gora jartzen zaizu. Pausuz pausu bazoaz, eremu horietan zure nortasuna nolabait zedarrituko duzu, nolakoa zaren ikasiko duzu.
No comments:
Post a Comment