HIMALAIAN HIRU KOLORE



2010/09/01

AMETSAK BETE EGIN BEHAR DIRA

2004an Ama Dablam mendira egindako espedizio batean ezagutu nuen. Juanitoren gonbitea jaso genuen Eneko Pouk, berak eta neuk. Adiskidetasuna sortu zen lehen unetik eta egun xelebreak iragan genituen mendi hartan. Hainbat egun gora eta behera ibili ostean, gailurrerako saioari ekiteko prest geundela ebatzi genuen. Mendiaren ertz zorabiagarri hartatik gora abiatu ginen III. kanpamentua jartzeko asmoz. Behar zen tokira ez ginen heldu eta amildegiaren erdian ezarri genuen gure dendatxoa. Berak borrokatu zituen sokaldirik izoztuenak. Hurrengo eguneko arturratzearekin bat eginez gailurrerantz atera ginen. Eneko hotzak janda eta tripak korapilaturik zegoen, eta laster batean hartu zuen beherako bidea. Hirurok jarraitu genuen. Atzetik ekaitza antolatzen ari zen. Argi zegoen eguraldia aldrebestuko zena. Liparrik haizetsuenean, hotzenean, lehen maluten azpian, lanbroa arnasten, kezkatuta, gelditu ginen. Elkarri begira artega, bestearen konplizitatearen zain, beherantz so egiten hasi eta… Zer, bagoaz behera? Berak argitu zuen kontua: neu gora noa, gutxi geldituko da hemendik- bota zigun harritu ninduen lasaitasun batekin, eta gora ekin genion indartsu. Egun horretan, Alberto Zerainen nortasun irmoari esker lortu genuen Ama Dablam mendiaren erpina zapaltzea.
Orain Alberto Nepalen dago. Bere begiak altuenetan altuenean josita ditu, Everesten. Messner handiaren pareko arituko da datozen asteetan. Harek bere garaian egin zuen legez, Txomolangma handia igo nahi du bakarrik, inolako laguntzarik gabe eta ipar hormatik. Gizakia eta mendia aurkez aurke. Tamaina handiko erronka mendizale handi batentzat.
Tom Hornbein eskalatzailearen izena darama azken korridore luzeak. Gutxik iragan dute tarte hori, gutxi izan direlako hormatzar horretan murgiltzeko adorea bildu dutenak. Orain arabar potenteak egingo du puntako jarduera hau. Ia ezinezkoa dena lortuko balu, lehena litzateke.
Ametsak bete egin behar dira esan zidan Himalaiako paradisura partitu aurretik. Bete itzazu ametsak Alberto, zure ametsak gureak ere baitira!
http://everest2010.albertozerain.com/

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive