2007/09/18
AURTEN SUBENTZIONATURIK
2007/09/14
GAILURREKO IRUDIAK
2007/09/04
GAILURREKO UNEAK
8.000 metroetatik hurbil. Gailurrerantz atea zabaltzen duen lepo ederrean.
"Antecima" izenekora heldu baino pixka bat lehenago, munduko hodei guztiek biltzen gintuztelarik.
Tontorrean erantzuna. Bizitza argia eta disdiratsua. Mundua urrunean, logikoa. Jaitsiera amnesikoa etxeruntz. Laster batean, mendiari berriz galdetzeko beharra.
2007/07/28
GAILURRA!!!!
Genuen poztasunaz, eta zerbait hidratatatu ostean oheratu ginen. Gauez ez zen treguarik izan, iragarririk zegoen haize bortitza agertu baitzen.
Goizean, lehen argiarekin eta haize zuriaren erdian bajatzeari ekin genion guztiok. Luzea, oso luzea izan zen kanpamentu nagusirainoiko jaitsiera. Hara, eguerdiko 14:00etan heldu nintzen, lehertuta, neka-neka eginda baina pozik, aspaldiko partez oso pozik, dena amaiturik baitzegoen. Ez aldapa gehiagorik, ez sofrikario gehiagorik. Saria poltsikoan daukat, ondo gordeta, Broak Peak.
Egun batzuk eman ditugu Baltoro glaziarra zeharkatzen Skarduraino, eta orain hemen gaude lagun-giroan, gure zauri guztiak garbitzen eta sendazten, kilo dezente galduta, baina aurpegi xelebrearekin, alai.
Laster batean etxean izango gara (Inshallad!!). Hegazkina abuztuaren 5ean daukagun arren, aurreratzen saiatuko gara oso garestia ez bada.
Musu eta besarkada handiak sargoriz betetako Skardutik. Eta Zorionak niri!!
2007/07/09
7000 METROTARANTZ
Bajatu ginenean eguraldi txarrak hartu zuen berriz inguru eder hau, eta hiru egunetan zehar ez gaitu abandonatu. Hausnartzeko egunak izaten dira elurtzaren azpiko hauek, etxean ditugunak gogoratzekoak, esperientzia honen ostekoa zer izango den irudikatzeko uneak, ditugun neke guztiak osatzeko tarteak.
Baina ekaitzaren ostean dator barea eta gaur bertan eguzkiak esnatu nau, eguzki argitsu eta indartsu batek, mendietako maldeetan pilaturiko elurra uxatzen tematu denak. Guretzat relax eguna izango da hau, gorputz flakatua garbitzeko eguna, usain txarreko arropa zikina garbitzeko eguna eta nola ez, lagunekin egoteko eguna ere bai.
Marron, Edurne, Valen, Ivan, Asier, Juanjo, Ferran eta besteak dira nire kanpamentutik hurbil ditudan beste lagunak, kafeak, madalenak eta une goxoak partekatzera gonbidatzen nautenak. Hauei esker etxetik kanpoko ihesaldi honek beste itxura bat hartzen du, luzatzen dizuten berotasuna handia baita.
Aste honetan, talde potente bat tontorreraino abiatuko da, tartean Edurne, Pauner, Mondineli, Dumovich, Gerlinder eta maila altuko beste alpinista batzuk izango dira. Hauen urratsa probesten saiatuko gara gu datoren astean, eguraldi txarrak ditugun planak berriz zapuzten ez badizkigu.
Gorantziak Karakorumeko bazter lehor baina eder honetatik.
Seguruenik informazio gehiago izango duzue http://www.edurnepasaban.com/ helbidean eta bideo politak ere bai. Ikus itzazue.
Muxuak.
2007/06/20
SKARDURA HELDU GARA
Lotaldi ederra eta etenbakoa egin dugu gaur lehen aldiz Koke eta biok. Gosaldu eta gero biharko petateak prestatzen hasi gara, bihar Askolerainoko bidaia burutuko baitugu. Betiko buruhausteak dakartza bultoak prestatzea, lantzean lantzean jakin behar da non utzi duzun bapatean bilatu nahi duzun hori eta askotan ez da erreza bildu den kaosaren artean. Azkenean lortu dugu petate guztiak 25 kilotan jartzea.
Gero, goiza mantso doala ikusirik, Valentin Giro lagunaren bila joan naiz. Beroa izan da elkarri luzatu diogun besarkada estua. Gustura izan gara gerizpean honetaz eta hartaz mintzatzen, elkarren motibazioak zabaltzen eta partekatzen.
Musu handi bat munduaren beste aldetik.
2007/06/17
BESTE URRATS BAT
Aurten ez nuen bidaia luzerik egin nahi baina hemen nago berriz, Pakistanen, hegazkin baten tripak ekarrita. Orain bide berri bat egiteari ekingo diot, baina guztia ez da iazkoaren moduan izango. Berria izango da erabat, bestelakoa. Hustasuna, etxetik zabaltzen zaidan hustasuna izango da errepikapen bakarra, bueltan osatu eta beteko dudana.
Ekainak 17. Bidaia ez da oso luzea izan eta konturatu orduko arginabarrak esnatu gaitu hegazkinaren barruan. Regency hotelera heldu bezain laster loguretuta sartu gara ohean Rashid nagusiarekin hitz egin baino lehen. Hemen Oier, Andoni, Mikel, Iban, Pepe eta Jaume agertuko direlakoak hartzen nau osoki, freskoegi baitut bizi izandakoa eta bere gomuta oraindik.
Aurten Jabi, Julen, Inaki, Urbis, Iban, Koke eta Pedrorekin etorri naiz berotasun handiko herri honetara, eta errepikapenaren sentsazioa daukat, dena orain dela oso denbora gutxi bizi izan banu bezala.
Poz handia hartu dut Ibrahim Hakon ikusi dudanean atetik sartzen. Ia 10 urte pasa dira elkar ikusi genuenetik eta berdin berdin segitzen du. Besarkada estua luzatu dit.
Biharko planak egiten hasi gara. Breafing egin ostean abiatuko gara Karakorumeko karretera luze eta espantagarri honetan gora, harik eta Skardura heldu arte. Han bestelako giroak egingo digu harrera, bestelako lasaitasunak, mendiarenak, kale huetako kaosetatik urruntzeko.
Faisal Salamat kapitaina izango da gure "oficial de enlace" delakoa. Morroia gaztea da eta jatorra ematen du. Inshallad!!
Gauak Islamabad iluntasunez margotu du eta gu berriz loguretuta.
Musu bat guztioi Pakistanetik.
2007/05/22
AURTEN ERE INSHALLAD!
Kontrolagaitza dena Jainkoen eskuetan uzten dute bertokoek, Jainkoek beren alde egingo dutelakoan gauza onak ekarriz. Horretarako egiten dute otoitz arratsaldero linea imajinario batek seinalatzen duen toki are imajinario batera begira, norabide zehatzean.
Otoitz horiek gure egiten ditugu hango parajeek euren boterea, isolamendua, gogortasuna eta neurribakotasuna erakusten dituztenean, ttipi sentiarazten gaituztenean.
Maldan gorako urratsak ere apaltasunean emaniko otoitz moduko zerbait dira, tontorrera ailegatzeko ahaleginean indarrak flakatuz doazela, jainkoak ondo portatu daitezen gurekin.
Aurten ere Inshallad! eta Inshallad!
2007/05/17
ZORIAK IRRI EGIN ZUENEKOA
7.850 metrotan dagoen lepotik gorako azken urratsak. Seguruenik, ahuleriak jota baina pozarren. Han, ezkerraldean ikusten den punta, gailurra da. Amets, sufrikario askoren jomuga. Begiak gure baitarako jiratzeko lipar aproposa.
2007/04/17
SAN FAUSTO-ATAURI
Gozagarri deritzogun S. Faustora abiatu ginen gure graduari beste bira bat emateko asmotan. Hortxe ibili ginen, 6b+ nekagarriekin jo eta su.
Egun polita, Ataurin amaitzea erabaki genuen. Desplomeak ikusteak alferragotu gintuenez, gure graduari ekin genion berriz, besoen nekadurak eta arratsaldeko euriak deskantsu hartzera behartu gintuzten arte.
Desplome beso-aputzaileetan gora.
2007/03/26
G-II KATALANEZ
2007/03/06
HEMISPHERE
hostoak haizearen bakalupean,
zeru borobilak, argiaren flexioak,
hodeien espedizioak,
arrats-beherako tonu plagiagaitza,
hegan doazen lumez beteriko bihotz txikiak,
ezereza gehi oroimena,
bakardadea avec distortsioa,
harriak, hortzak, hitza baino zaharragoak,
itsasoaren ezberdintasuna, bere hiltze isila,
bizitzaren ekarpenak, suaren mugak.
(Argia sortzen den izartegia, Alberdania, 1996)
Les muntanyes, aquesta vall,
les fulles en la carÃcia del vent,
els cels rodons, les flexions de la llum,
les expedicions dels núvols,
el to sense plagi possible de l’ocà s,
els diminuts cors voladors replets de plomes,
el no-res més la memòria,
la soledat avec la distorsió,
les pedres, les dents, més velles que la paraula,
allò diferent de la mar, el seu silenciós morir,
les escapades de la vida,
les fronteres del foc.
(El firmament d'on prové la llum, Alberdania, 1996)
2007/02/27
HEGOALDERANTZ
Patones eta Cabrera bisitatu behar genituela tematu ginen. Eta harantz.
Harri polita Patones-en. Bide are politagoak. Bederatzi bide egin genituen 6a-tik 6b+eraino. Guztiak kateaturik, pege batekin, baina gustura.
Hurrengo egunean euri truxuak. Vellon-era abiatu. Euria eten gabean, eta etxera bueltan.
2007/02/22
IZARREN HAUTSA
Hala dio kantu famatuak. Geu Liendoko Izarren hautsa (Polvo de estrellas) bidera jo genuen larunbatean. 6c. Beste bide bat egin genuen berotzeko eta euriak harrapatu baino lehen hantxe geunden gure giharrak eta zainak tinkatuz.
Ezinean, ezin kateatu. “Pege” pare bat eta amaieraraino heldu ginen, baina pozik ez.
Egun aldrebestua. Atxarten egiten zuen haize bortitzaren ufadek hona ekarri gintuzten eta horman sarturik nengoela euritan hasi zen. Tanta lodiek rokodromora sarrarazi gintuzten. Han matxake doblea.
Balioko ahal digu!
2007/01/30
ALOÑA MENDIZERRA ELURREZ LEPO II
ALOÑA MENDIZERRA ELURREZ LEPO
Urtarrilaren 27an Aizkorriko Aloña mendizerrarantz joan ginen mendi zenbait zeharkatzeko asmoz.
Lau orduko ibilbidean Arriurdin, Urrabiatza, Akaitz eta Boteraitz menditxoak egin genituen.
Paraje batzuek Alaskako bazterrak gomutarazten zizkiguten.
Hotza eta haizea izan genituen lagun.
Norvegiako lautadetako parajeak ote?
2007/01/26
GURE MENDIAK
Mendiak, gure ingurukoak ere, ederki lotzen dira oihal gainean berak margotzen dituenean.
Une honetan ikusten ari garelako sentsazioa da zabaltzen zaiguna.
2007/01/17
FISCHESSER ESPOLOIA II
Egun berriak luzatzen zigun paisaiaz gozatzen, Jordi lehen urratsak ematen ari delarik.
Alde batean tenperatura gozoa, erpinean hotza.
Goitik beherako begirada batez jarraituriko bide luzea eta malkartsua.
Vivac ahaztezinean tramankulu guztiak behar bezala lotzen.
2007/01/16
FISCHESSER ESPOLOIA
Izotza urriago dago ur-jausietan. Neguko antzarrek eta eskaladoreak harridura aurpegia dugu.
Campbieil (3175 m) handiaren gailurrera jotzen duen Fischesser espoloia fitxatuta geneukan aspalditik. Elur gutxi dagoen sasoi hauetan abiatu ginen bere maldetan gora gozatzera.
Larunbatean atera ginen etxetik, Piau-Engalyra heldu, trasteak prestatu, zerbait tripa barruratu eta lehen izerdiak botatzen hasi ginen Jordi, Alfonso eta hirurok motxilaren pisuaz.
Ertz luzearen lehen largoak belar-harrietan egin genituen. Harria exkaxa, babesteko lotune gutxi eta esposizio handia kasu batzuetan. Beldurrak airean, izerdia bizkarrezurrari itsatsita. Lehen parte hori gainditurik, ertzetik hasi ginen oreka ariketak egiten, ttipi-ttapa, gauaren errezela zabaldu zen arte.
Geunden tokia onena iruditu zitzaigun, hoberik ezin iluntasunean topatu. Elurra zapaldu, sokak ondo finkatu, sokei den-dena lotu, eta bertan “etzan” ginen, hala-moduz, gaua iragaiteko asmoarekin.
Ederra izan zen izarrek luzatu ziguten filma. Ederra, handik goitik harritu nahi izan gintuen arturratzea. Ederra, naturak eskaini digun abagune pribilegiatu hau.
Egunaren lehen koloreekin traste guztiak bizkarreratu eta malda elurtuen gora abitu ginen gailurreraino hiruron arteko azken besarkada ematera. Pozik, inoizkorik gozamen handienarekin barruan.
1.100 metro. Bi eguneko lana, 7 ordu. Poztasuna zabala.



Haizearen buhada gogorrak zaildu zuen ibilaldia, girotu ere bai. 
Javi, azken birak ematen. 
