Nerabe nintzela, nire logelako armairuko ateetan, txintxetek
lotuta, espedizio-kide guztien argazkiak nituen. Guztien izenak eta aurretiaz
egindako balentziak banekizkien. Kike de
Pablo, Emilio Hernando, Joxe Urbieta Takolo,
Felipe Uriarte, Lorente, Rosen,…. Geroak horietariko batzuekin elkartzeko eta
lagunak izateko trantzea luzatu zidan, tartean, Errorekin ere.
Behinola, Hegoamerikara
egindako lehen espediziotako (Huascaran, Artesonraju, Ojos, Aconcagua,…)
eskarmentua eta poztasuna bildurik nentorrela, Xabier Errok hots egin zidan
telefonoz etxera itaunka, ea euren agentziarekin batera Atacamako desertuko
sumendirik altuenera, Ojos del Saladora, antolatuko nukeen halako espedizio
bat. Harritu ninduten bere deiak eta bere hurkotasunak.
Mendia nire bizibidea izan zitekeenik ez nuen pentsatu nahi
izan, eta gazte garai hartan ardura handia iruditu zitzaidanez, ezetz esan nion
Xabierri. Zenbat aldiz gogoratu naizen hartako keinuaz, hartutako erabakiaz.
Ate hura zabaldu izan banu bestelako urratsek kurrituko zuten nire bizitza,
bestelako bizipenak, bestelako paisaiak, bestelako sentipenak. Baina erabakiak hartzeko dira eta aitzakia
asko banituen nik.
Xabierrekin juntatu naizen guztietan estimua nabartu izan
dut beti. Txikonekin Pakistanera kotxez joan zen hartan ere barre dezente bota
genituen, bidaiaren luzamenduaz eta abarrez. Naturarekiko pasio itzela zuen,
eta beti irribarre bat prest, besarkada bat. Mendiak horixe eskaintzen du, bertoko
haizearen hoztasunarekin bat eginez ere, berotasuna luzatzen du beti.
Asteazkenean erraustu zuten Erroren gorpua, mendiko
haizearen beroan izango da honezkero. Segi gora, Xabier.