Bestelako paisaiak, bestelako espazioak. Horiek izaten dira
zure baitako kosmos hauskorra anitzetan inarrosten dizuten ikusmenak.
Halakoetan zabiltzanean, begiek zure arima puzten dizute inoiz ikusi-gabeko
irudien bidez. Behin, horixe sentitu nuen, bertako hizkuntzan Island izena duen irla batera joan
nintzenean. Bilbo osoaren besteko populazioa duen uharteak bihotza irauli zidan. Islandiako geografia errearen
polikromia itzela zen. Lurraren eta naturaren performancea eta metamorfosia
batera; izotza eta kea, sua eta elurra, sumendiak eta berdetasuna, eta milaka
hegazti, tai gabe, zure buruaren gainean, lanbroan.
Misterioa eta botere baltsamiko edo katartikoa gordetzen
zituen irlak, edozein txokotan, edozein badiatan, amildegitan, mendixkatan.
Irudi enigmatikoak ziren nire begiek ikusten zituzten guztiak.
Espazio horiek inspiratutako musika ere sofistikazioaren
eremutik hurbil dabil, eta ondo deskribatzen du hango paisaiaren dekoratua. Gure
bizitzako soundtrack erraz bilaka
daitekeen soinuak bestelako intentsitatea erakartzen du. Islandiakoak dira
Sigur Rós musika talde xarmangarria, bai
eta gerora (zorionez) deskubritu nuen Jóhann Jóhannsson konposatzailea ere.
Une askotarako soinu banda itzela luzatu zidan azken horrek. Sicario, Arrival edota The Theory of Everything film ederrei musika epikoa jarri zien. Bestelako produkzio pribatuagoak ere sortu zituen, hala nola Orphée, nire aburuz mirakulu abisala eta musikala, trantze betierekoan jartzen zaituen horietakoa, galera edota fragilitatearen soinua litekeena.
Une askotarako soinu banda itzela luzatu zidan azken horrek. Sicario, Arrival edota The Theory of Everything film ederrei musika epikoa jarri zien. Bestelako produkzio pribatuagoak ere sortu zituen, hala nola Orphée, nire aburuz mirakulu abisala eta musikala, trantze betierekoan jartzen zaituen horietakoa, galera edota fragilitatearen soinua litekeena.
Bada, aste honek albiste tristea ekarri dit. Jóhann
Jóhannsson hilik topatu dute bere etxean (agian horregatik erabili dut iragana konturatzeke?).
Ez dakit zergatik goibeldu nauen hainbeste, baina, harrezkero, behin eta berriz
entzuten ari naiz bere obra, inguratzen gaituen errealitate amnesiko, grotesko
eta esperpentikotik ihes egiteko era utopiko bakarra baita.Gizakiaren endekapena eta existentziaren laborriaren kontrako
antidoto eta energia bitala da Jóhannen musika, agian eternitaterako bidaia
posible bat.