Eta bai, amenazo handia izaten da anitzetan. Hala esan dit Alex Txikonek beti
igo nahi izan dudan Pumori (sherpa hizkuntzan mendiaren alaba) zuriari buruz galdetu diodanean. “Aparta, ederra,
baina tartean oso arriskutsua” erantzun dit lagunak.
Mendi horretan bertan, 2001. urtean, bere tontorra igotzeko
ilusioz abiaturiko hainbat gazte euskaldun mendizale zendu ziren. Guztira bost gelditu
ziren hantxe, betiko: Cesar Nieto, Javier Arkauz, Beñat Arrue, Iñaki Aiertza
eta Aritz Artieda. Alexek duen eskuzabaltasunarekin eta detaileak egiteko
gogoarekin, mendi hori eskalatzen hasi baino lehen, hango espedizioaren
kamiseta jantzi zuen gailurrera eramateko asmoz. Omenaldi apala baina
esanguratsua Alexena.
Everesteko 2. kanpalekurainoko bidea ekipatu ostean, Pumori
mendiko (7161m) maldetan gora abiatu zen lemoarra duela egun batzuk, Ali Sadpara,
Nuri, eta Temba Bhote lagunekin, bai eta azken erpinerainoko tartea kurritu
ere. Makinak halakoak!
Oso mendi arriskugarria da Pumori eta hildako dezente eragin
ditu. Halarik ere, horrek ez dio inolako edertasunik kentzen, eta beti egongo
da alpinista grinatsu bat bere puntatik mundua beste modu batean ikusteko gogoz
izango dena.
Orain Everest handiaren magalera bueltatu dira, hori baita
aurtengo erronka. Handienaren bizarrak zapaltzea, Nanga Parbaten, Elizabeth
Revol eta Tomasz Mackiewicz bikotea estilo minimalista eta arinean (biak
bakarrik mendian) aritu diren bezala. Tamalez, Zerain zendu zitzaigun mendi
berean, badirudi tragedia zabaltzen ari dela berriz.