Leku askotatik etorritako mendi-abenturazaleak bildu dira
aste honetan Bilbao Mendi Film Festibalen. Eurek ekarri dizkigute mapamundi
berri baten irudirik motibagarrienak. Joan den asteko barikuan abiatu zen
zinemaldia Mountains izeneko
filmarekin. (Botere baltsamiko edo katartikoa zuten mendien erresumaren planoak.
Naturaren dei abstraktua. Alturaren magnetismo betierekoa. Ertz zorrotzen
angelu ulertezinak. Masa-gizarte masifikatuari muzin egoteko droga perfektua.
Mendirako irrika emozionala berriz sentitzeko injekzio egokia). Mendia bera guztiz
erakargarri eta eder bilakatu zuten irudiak ikusi genituen. Eta liluramendu
horrek segida izan du aste osoan.
Egunotan, Kiril Nikolov korrikalari bulgariarrak eginiko 600
kilometroekin muturreraino sufritu dugu; Kilian mendizale-korrikalariaren desnibel
itzelezko gailur kateatze zirraragarriaren bidez Norvegiaraino joan gara; zerua urratzen duten Dolomitetako altxor ezkutuetan
isiltasuna entzun dugu; mutazio humanoideak dituzten eskalatzaileen magnesioz
beteriko eskutzarrak hormari atxikirik ikusi ditugu, oreka ezinezkoan, indar
prekarioan, harkaitzaren ohiko mugetatik
gora bultza eta bultza; benetako bakardadearen gordintasunaz zerbait gehiago
dakigu orain, neguan, Kanadako Artikoan zehar, bizikleta bidaia arriskugarria egin
zuen protagonistaren ahotik. Film askotan superazioaren parametroak azaltzen
dira, nork bere mugak astintzeko dituen arrazoi konplexuak, mendiaren arriskuak
ulertzeko ahalegin efimeroak batzuetan eta arrazoizkoak bestetsuetan.
Baina nire mitoak, hein batean, berak luzatu zizkidalako, Chris Bonington filmarekin gozatua hartu
nuen. Filmaren esentzia berak bizi izan duen adiskidetasuna da. Joe Tasker eta
Peter Boardman Everest mendiaren zapaldu gabeko ekialdeko ertzean hil ziren.
Une hori deskribatzean, Boningtonen begiek galera hura erakutsi zuten
hunkigarriki, oraindik asumitu izan ez balu bezala.
Eskrupulurik gabe bizi zuten mendiaren aro doratua. Beste askok horrekin amesten jarraitzen dute (dugu) oraindik.
Eskrupulurik gabe bizi zuten mendiaren aro doratua. Beste askok horrekin amesten jarraitzen dute (dugu) oraindik.