Arin iragaten dira urteak. Haize bafada batek ehun
urte eraman ditzake konturatzeke. Sasoi bat beste baten segidan diluitzen da,
eta behin izan zenak oroitzapenen galaxian birak eta birak egiten ditu modu
ingrabidoan. Batzuetan oroitzapen paperezkoak behar ditugu bizitza oso batek
kondentsatzen duenaz jabetzeko, bizitzaren intentsitateaz ohartarazteko.
The
Conquer of Everest
titulu epikopean, George Lowe mendizale eta argazkilariak, 1953ko British Mount Everest expedition delakoan
ateratako argazki bilduma ederra argitaratu zuen. Olentzerok garai amaituaren
lekukoa den liburu hori oparitu dit gaztelaniaz.
Hil baino lehen, bere artxibo fotografikoa
zabaldu eta hedatu nahi izan zuen Lowek. Beste espazio batean, Himalaia
aratzean, harrapaturiko istant horiek kalitate handiko liburuan bildu nahi izan
zituen.
Everesteko gailurra zapaldu zuen Edmun Hillary
alpinistaren lagun hurkoa izan zen Lowe. Bikote eszentrikoa osatzen zuten.
Abenturazale paregabeak, bizipen harrigarriren zale ziren, eta paraje
miresgarriak ibiltzeko, lautada etenbakoak zeharkatzeko, edota mendi
altuenetako malda pikoetan arnasa ahitzeko prest egoten ziren beti. 1953eko
espedizio hartan bildu eta lagun egin ziren betiko. Hillary eta Tenzing
bikoteak munduko mendirik altuenean euren urratsak inprimatu zituzten. Lowe zen
espedizioko argazkilari ofiziala baina ezin izan zuen puntara joan, sekulako
lana burutzen ibili baitzen beheragoko kanpamentuetan, gailurrerako erasoa
posible egin zedin. Hortaz, Hillaryk atera zion Tenzing sherpari puntako
argazki mitiko hura. Baina ez zen elkarrekiko ekimena. Sherpak ez zion Zeelanda
Berriko alpinistari fotografiarik atera. Argazkirik gabeko konkistatzailea izan
zen betiko Hillary.
Sepiazko irudi historikoek berriz gertatuko ez
den aro utopiko haren tamainaz egiten digute berba; esplorazioaz, munduaren
sekretuez, bizitzaren zorion efimero eta txikiez. George Lowe duela hiru urte
hil zen. Espedizio hartatik bizirik gelditzen zen azken kidea izan zen. Aste
honetan, barikuan, bere urtebetetzea izan da. 93 urte beteko zituen.