HIMALAIAN HIRU KOLORE



2015/09/14

BERRIAn

Mendia, euskal poesian modu alegorikoan —«berriro igo nauzu...»— zein epikaz gainezka —«mendi heze, ikurrin eder...»— hainbestetan agertu den kokagune hori, gutxitan da narratiban protagonista. Adibide aipagarri bat Bernardo Atxagaren Pitzadura bat elur izoztuan izan daiteke (Obabakoak-en).

Juanra Madariaga mendizalea da, ez nolanahikoa gainera: hainbat zortzimilakoren tontorrak eduki ditu oinpean. Eta poeta ere bada. Narrazioa inoiz argitaratu bazuen ere, poesian egin du bidea: obra interesgarria osatzen duten zortzi poema liburu argitaratu ditu dagoeneko. Azken liburua, ordea, hibrido bat da, eSPedizioa, 2011n Shisha Pangmara egindako espedizioan oinarritua. Bere hitzetan: «Mendizaletasuna nolabait ekarri nahi izan dut euskal literaturara. Mendia oso gutxitan aipatu izan da gure literaturan».


Kronika eta narrazioa uztartzen ditu, baina prosa poetikoaren kutsua ere badauka testuak. Kronika den neurrian, autobiografikoa da kontakizuna, baina elementu fantastikoekin ere jolasten du. Aipagarriena da narratzailea Unai Elorriagaren SPrako tranbia nobelako Lucas protagonistari mintzo zaiola maiz. Sarrerako ataletako batean, George Leigh Mallory eta Virginia Woolfen arteko lotura lantzen du Madariagak, eta horrek bidea ematen dio liburuaren muina azaltzeko: «Nik ere liburu bat eraman nahi dut Shisha Pangmako gailurrera: SPrako tranbia».

Sarrerako atal laburren atzetik hasten da mendizalearen bitakora kaiera, eta hamaika gai jorratzen ditu Madariagak bere espedizioa kontatu ahala: Katmanduri buruz, hinduismoaz, heriotzaren gurtzaz, mendiko adiskideez, desagertuez, presentziez, etab. Kronika orainaldian emana dago, eta tartean txertatzen dira beste hainbat istorio. Horien artean, aipatzekoak dira beste espedizioei buruzko kontakizunak: mendi literaturaren errepaso mamitsua osatzen dute. Horrela, beraz, kronikaren eta kontakizunen uztarketa orekatua da. Bidenabar, literatur irizpidea ez den arren, gizatasunari badagokionez, aipagarria da narratzailearen tonu umila. Izan ere, abenturen epikotasunaren ondoan humanitate apala agertzen da, hala egilearen beraren bizipenei nola beste espedizioei dagokienean.

Bestalde, estiloan sumatu egiten da idazlea poeta dela: gauza batzuetan onerako, beste batzuetan kalterako. Egilearen begirada pertsonal eta iradokitzailea da, eta indar hori azaleratzen da irudi eta egoerak birsortzerakoan (adibidez, goimendietako haizeaz ari denean). Alabaina, kutsu poetikoa bilatu beharrak hautsi egiten du narrazioaren jarioa: batzuetan baieztapen preziosistak agertzen dira («norabidea nora ezean iltzaturik baitago», adibidez); beste batzuetan digresio poetiko-filosofikoak (interesgarriak izanik ere, tenpoan pausa eragiten dutenak); eta formalki atentzioa ematen du ahapaldiak laburtzeko joera gehiegizkoak (hitzak jan, elipsiak egin, ahapaldiak txikitu). Poetak narratzailea askatu nahi ez balu bezala, narrazioa buruz gainka doa, isurtze irregularrean.

Edonola ere, eragozpen posible horiek ez dute liburuak euskal literaturari egiten dion ekarpena ezbaian jartzen: bere espedizioaren kronika, mendiari buruzko kontakizun eta gogoetak, eta literatura uztartu ditu Juanra Madariagak. Gozatzeko tontorra gure mendi literaturan.

-----

contador de visitas

Blog Archive