Sarraskiaren bolumena eta tamaina ezin
deskriba daitezke. Egunetik egunera, datu berriak heltzen zaizkigu Nepaletik,
eta lazgarriago dena, datu horiek irudi dramatikoz jantzita datoz.
Katmanduko kale estu batzuk garbitzen hasi
direla ikusi dut; eroritako zenbait jauregitako inguruetan ez da triskantzaren
hondarrik gelditzen; eta kaletarrak, bertako bizilagunak ohiko bizimoduari
heldu nahi dio penaz, baina duintasunez.
Laguntza guztia Katmandun kontzentraturik dago
(bueltatu ordez, bertan lotu dira lagun batzuk, ahal dutena egin nahian) eta
horrek isolaturik dauden beste lurralde batzuetara behar bezala heltzea dezente
konplikatu du. Horrexegatik, zenbaki berriak heltzen dira mendialde
gaztigatutik, izan ere, uhin suntsigarria gertatu eta astebetera hasi dira puntu
haietaraino iristen laguntza emateko. Datuek diote toki batzuetan, etxeen %95
erori direla. Eta guztiz jausi ez badira ere, arrakalaturik daude modu
arriskugarrian. Eurentzat etxe bat, buztinez eginiko adreiluz altxaturiko lau
pareta eta latorrizko teilatu bat baino ez da.
Langtang bailara izan da triskantza handiena
jaso duen eskualdea. Paisaia bukolikoa zuen mendiartea zen, eta orain, uholde
hiltzaile batek tragatu osteko desertu eta ordoki kaotiko eta deprimentea da.
Etxe asko aurretik eraman zuen harriz, elurrez, izotzez eta urez osaturiko
tsunami deuseztatzaileak. Orain hasi dira hilotzak agertzen, nonahi, ehunka,
tartean espainol batzuk omen daude.
Handik ailegatu diren fatalitatearen irudi
triste eta gordinen artean, bizirik eta onik irtetea erdietsi duten sherpak
agertzen dira. Baten batek, erdi negarrez, dena galdu duela dio, eta dena horren barruan -ezin kuantifika daitekeen
balio materialaz gain- familiako guztiak desagertu zaizkiola azpimarratu du.
Dena. Bera bizirik dago, ezer ez dagoen leku batean, ezer barik, dena galduta.
Ez da kasu bakarra izango, noski, eta hemendik
aurrera hildakoen kopuru berean miseria gorrian lotu direnak agertzen hasiko
dira, dena eman eta dena kendu dien Himalayako mendikaterik handienaren
magalean, elur eta hotzaren beldurrez, berriz etor daitekeenaren beldurrez.