HIMALAIAN HIRU KOLORE



2011/10/11

BEHELAINOAK

Moroak gara behelaino artean. Batzuetan. Edota Alostorreko beleak elurretan, mendi erpinak eguzkitan, belaze izoztuak neguan gure lurraldeko Etxaburuko dorrearen inguruan, edota Arthur erregea eta Ginebra, Kameloteko gazteluan, Galahad semearekin. Askotan galtzen gara izuen gordelekuetan barrena, beldurrez, bidaia anakronikoan, betierekoan, marginalia neurribakoan, atabala hartuta eta euria tai gabe egiten duelarik, pausu geldoan, besteen narrazioak entzuten ditugun arte, eta horiek geldiarazi eta kokatzen gaituzten arte, ni ez naiz hemengoa esatera bultzatzen gaituzten arte. Gure poesigintzaren katalizatzaileek (Celan, Hauden, Kavafis, J. Swift, Coleridge, Melville, Poe, Eliot, Faulkner, Kavafis, Cesare Pavese,…) izkiriaturik aurkitu ditugu gure poemak, inoiz idatziko ez genituzkeenak, baina era berean, beti idatzi ditugunak, marinel zaharrek ere idatzi dituztenak, zitroi urez, hogeitaka letra nahasiz. Bakarrik gaudela ohartuko gara, ez garela geure baitakoak, ez ditugula ifar aldeko orduak gurekin, ez eta hezurrezko xirulak gurekin, eta leku askotan maitasuna sentitu dugun arren, han izanik hona gara, hartzara, moroak behelaino artean legez, xentimorik gabe, lege beltzak zigortuak.
Espazioak murriztuko dizkigute, hogeita bi urtez askatasuna kenduko, torturaren estrategiak hedatuko, eta gartzelako poemak idaztera behartuko gaituzte beste behin, era isolatuan, armiarma, inurri eta burdinazko barroteen artean ogi-mamiak jatera datozen kurloien lagun.
Bertatik, Ainhoa izeneko neska bati gutunak idatziko dizkiogu hizkuntza ederrean, eta lagunari ere esango “dhnuy illa nyha majah yahoo” (zaindu zaitez gizontxo!), barruan hitzen ondoezak hiztegietako eleak jaten dituen bitartean.
Halarik ere, ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan, baina kolosala da lagun izoztuarekin berba egitea berriz, pozik, akordatzen garen gauzez, bizi izan ditugun kontuez, zazpi herrialdetako ipuinak buruz ikasiz, atzerriko literaturak gurera ekarriz, betirako mamuak bilakatuz.
Azken finean, hau da gure ondasun guzia, behelainoan moro sarituak izanik edo ez.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive