HIMALAIAN HIRU KOLORE



2011/09/05

GERLINDE ETA PARENTESIAK

Datu solte argigarriak gehitzeko erabiltzen dira parentesiak, definizioz. Hots, parentesiek eten egiten dute diskurtso nagusia, eta beste unitate bat gehitu, datu osagarriak eransteko. Baina lantzean behin ez dira bidezkoak, ez dira hain beharrezkoak.
Egun hauetan, parentesiak ikusi ditut berri batean, parentesi bitxiak. Gerlinde Kaltenbrunner alpinista austriarrak K2 mendia erraldoia zapaldu berri du. Zortzi mila metroko mendietan azkena izan du hau Gerlindek. Izan ere, mendi altuenetako erpinetatik egin duen periploa amaitu baitu.

Berri guztiek esaten zuten, zortzi mila metroko mendi guztiak igo dituen lehen emakumea dela (oxigenorik gabe). Horra hor parentesiak.
Edurne Pasabanek ere balentria hori egin zuen joan den udaberrian, baina horri dagozkion parentesiak hauek dira (Everest oxigenoarekin). Eta albiste guztietan, menditzar guztiak igotzen lehen emakumea bera zela aipatzen zen. Kasu bietan parentesiak agertzen ziren eta kasu bietan ere lehen emakumea jartzen zen.

Kirol-balioa ezin zaie biei kendu, inondik inora, izan ere himalayismoan horrelako igoaldiak burutzea eta onik irtetea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Desgaste fisiko zein psikiko izugarria dakar horrelako alturetan ibiltzeak eta zentzu guztietan oso pertsona gogorra eta hotza izan behar zara maila horretan aritzeko. Halarik ere, ezin da ukatu koska txiki bat ere badagoela bien artean eta ez bakarrik oxigenoaren kontuan. Estiloa, alde fisikoa, motibazioa, mendira hurbiltzeko apaltasuna eta aukeratutako bideak, hortxe daude.
Guztiok poztu ginen Edurnek bere azken mendiaren erpina zapaldu zuenean. Une historiko eta efimero hori partekatzeko zortea izan genuen, berarekin Shisha Pangmako puntan besarkatu ginenok. Baina diodan bezala, une efimeroa izan zen eta iragan da.

Ralf Dujmovits alpinistaren bikotekidea den Gerlinde Kaltenbrunner austriarrak eman dio alpinismoari aurtengo poztasun berezia. Neskak, hain zaila den K2-ko iparraldeko ertza gainditu du tontorreraino, eskalada bikaina burutuz. Sherparik gabe, oxigenorik gabe eta lagun-giroan. Parentesi gabe, hain zuzen ere.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive