Bere urtebetetzearen egunean hil zen Erhard Loretan suitzarra, etxetik gertu zegoen mendi batean laprast eginda. Loretan mendizale handia zen. Tamaina handiko balentriak eginez, munduko mendi altuenak zapaltzen hirugarrena izan zen, Reinhold Messner eta Jerzy Kukuczcaren ostean.
1983an, Pakistaneko Karakorum mendikatera abiatu zen, eta hilabete berean, hango hiru txikiak igo zituen (aste beteko tartea hartuta), Gasherbrum I eta II, eta Broad Peak.
Hiru urte beranduago, Everest erraldoiaren maldetan, komentatzen dudan eskalada epikoenetako bat burutu zuen Jean Troillet lagunaren konpainian. Alpino estiloan eraso zioten mendiari biak ala biak, nondik eta maldarik ikezuena, pikoena eta luzeena duen tokitik, iparraldetik, Hornbein korridoretik. Hogeita hamar ordu pasatxoko ahaleginaren ostean munduko mendirik erraldoienaren gandorra zapaldu zuten, eta harrigarriena,… lau ordu geroago oinarrizko kanpamentuan zeuden berriz. Nola? Prestigioz beteriko mendi handiari ipurdia erakutsiz. Jaitsiera osoa atzeko parte bigun horretan jesarrita egin baitzuten. Hala, batzuentzat zorakeria galanta zena, bestetzuentzat himalayismo berriaren estiloa arin eta praktikoaren sorrera izan zen. Nola edo hala, ikaragarria izan behar zuen, bi mila metro baino gehiago modu horretan baxatzea.
Hamar urte beranduago zortzi milako mendiak igoak zituen 22 aldiz, bide berriak zabalduz eta beti eskalada arinak eginez, arintasuna segurtasunaren sinonimoa baitzen berarentzat.
Intentsitatez bizitzeko hautua hartua zuen Loretanek, eta mendian topatu zuen gure bizimodu petralak eman ez ziona.
No comments:
Post a Comment