HIMALAIAN HIRU KOLORE



2010/11/22

INGRABIDOA

Musuak izan daitezke ingrabidoak, eskuen ituna, besarkaden egiturak. Goizeko gosariak, zuhaitz azpietako paseoak, ixiltasun urruna, bakardade estatikoa, bizi izandako intentsitatea. Hainbat tokitan kausi daiteke, ezerezarekin erkatuta, nahasia.
Hustasunaren bolumenak ito egiten du batzuetan, eta gomutak, (behin idatzi nuen bezala) itoduraren artikulazio moldea dira gomuta batzuk. Hala, ikusitakoak, sentitutakoak patetikotasun eremuetara eramaten gaitu, tristezia puta honek dena izorratzen duen bitartean.
Berriz bakardadea ozeano baten tamainakoa. Eta ozeanotik itsasora.

Horrela ere sentitzen dut itsasoa, ingrabidoa.
Itzelak izan dira egun hauetako olatuak, itzela ere anitzetan hain bare ikusten dugun itsasoaren indarra eta ahaltasuna. Zoragarria izan da natura heziezinak eskaini digun ikusgarri bizia. Bazirudien ur-azaleko energia hori kamara motelean garatzen zela, bitsezko tsunamiek lasai oldartzeko estrategia aurreikusita zutela.
Ur-horma alimalekoek, gizakiak eraikuntzen bidez itsasoari behin kendu ziona, aldarrikatzeari ekin diote berriz. Bakoitzari berea –zioen ur asaldatuak.
Espektakulu naturala gainetik zegoen, gure horizontaltasunean. Baina ikusten ez zena, ur-energia kaotikoaren azpian imajinatzen dut alde ingrabidoa, higikor baina ingrabidoa.
Tirainaren apetan sorturiko mugimendu lasaian, agian balantzaka, inora bidean, goiko aldean altxatzen ari ziren kaosari begira nago. Eta horrela ere bagaude, ingrabitatean arrotz.
Izan ere, desorekarako epizentro asko ditugu inguruan. Aste honetan ere Saharan gertaturikoa gizakiaren eraginkortasun ezaren isla da. Gizakiak historian zehar erakutsi ohi duenetik ez du ikasi nahi eta behin eta berriz sarraskietara jotzen du botere gaiztoa erabilita. Penagarria. Bestea ezabatzean, deuseztatzean, akabatzean omen datza botere izugarri horren printzipioa. Eta Saharan bezala, Mexikon (narkotrafikoa, emakumeak), Somalian, Tibeten, Afganistanen, Iraken… Mundua liskarren habia da ezinbestez. Gure bizi konstanteak neurtzen dituen makinak piiiiiii egingo du laster.
Ingrabidoa izan nahi dut.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive