HIMALAIAN HIRU KOLORE



2009/09/02

LIBURUAZ II


Erortzea ezinbestekoa denez, bizitzako uneren batean edo bestean, eroriaren logika izan daiteke eroritako tokitik gora begiratu eta begien aurrean zabaltzen den espazioa aztertu eta neurtzea, altxatuz gero, jakiteko zergatik izan den erorikoa eta zer egin behar den berriro ez erortzeko edo, berriz eroritakoan, erorikoaren mina, txikiagoa izan dadin. Hori logika positiboa da, guztiz bat datorrena munduaren ikuspegi optimista eta bizizalea duenarekin. Baina bada beste logika bat, eta horren arabera eroritakoak ez du altxatu nahi, sumatzen duelako erortzea dela gizatasunaren izaera ezabaezina. Gizaki pesimista eta ezezkorrena da, guztiz, ikuspegi hori. Batean zein bestean erortzeak bere arrastoa uzten du eroritakoaren baitan. Ezer ez da berdin ordutik aurrera, erortzeko arriskua beti baitago zain eta zelatan.

Juanra Madariagaren poesia liburu honetan ez da erorikoaren apologia egiten, baizik eta poesiaren sinbolotzat hartzen da bera: “Gora egiteko eta erortzeko momentuak daude, eta horixe da poesiak islatu dezakeen bakarra, bizitza horrelakoa delako”. Gora egiten dute mendizaleak eta gizakiak, nork bere mendiaren tontorra eskuz ukitu nahian, baina erori ere egiten da gizakia, mendizalea izan barik. Erorialdiak ere bere goiak eta bere beheak ditu, beheetan arima hits ilun da bilakatzen; goienetan, bere barnera da biltzen, kanpokoa ikusteko. Aurreko liburuak baino espiritualagoa dela esango huke Juanraren hau. Poetaren begirada ez da gora joaten, handitasunaren edo infinituaren xerka, baizik eta alboan bizi denari zuzentzen zaio, intentsitate handiz, argi osoa eman nahian. Argia, ordea, ez da zerutik etorri, poetaren barneko baitatik baizik, eta besteengana da barreiatu.

(Felipe Juaristi)

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive