HIMALAIAN HIRU KOLORE



2009/07/06

LIBURUAZ

Heldutasunezko poesia Javier Rojo / El Correo, 2009-06-27

Eroriaren logika izenburua du Juanra Madariagaren azken poema liburuak. Idazle honek ez du aurkezpenik behar euskal poesiaz interesa duen irakurlearentzat, liburuz liburu ibilbide sendo eta interesgarria egina baita, beti ere poesiaren arloan, eta esan daiteke gaur egun euskaraz idazten duten poeta inportanteenetakoa dela. Eta halako ibilbide sendoak erakusten dituzten idazleekin gertatu ohi den bezala, azaleko moden eta momentuko lilura faunen gainetik egoteko trebetasuna erakutsi du idazleak. Edonola ere, ez da mugitu gabe geratu eta bere planteamendu estetikoetan bilakaera dagoela nabari daiteke. Kasu honetan, edertasun formalean oinarritzen zen estetika pixka bat leundu du idazleak, hori bai, estetikari uko egin gabe. Baina oraingoan edertasuna hizkuntzan bertan bilatu beharrean (batzuetan modernismoa gogora zezakeen planteamendu baten bidez egiten zuena), irudien eta ideien kontrajartzean zentratzen da idazlea. Eta, alde horretatik, liburuak zer esan handia du. Adibidez, dialektika bat agertzen da lehenengo pertsonan hitz egiten digun subjektu poetikoaren eta bere munduaren artean. Izan ere, ‘ni’ poetikoak bere burua aldi berean munduan partaide eta munduari kontrajarria ikusten du. Inguruko mundua, ohiko mundua, poetaren mundua, hala esan badaiteke behintzat, enstrainiamendu prozesu batean sartuta ikusten dugu, eta, gauzak honela, mundu hori, egunerokoa bada ere, arrotz agertzen zaigu.
Beste aldetik, Madariagaren poesian gizakia bera definitzeko baliagarriak izan daitezkeen gizakiaren oinarrizko kezkak agertzen dira, poesiak berezkotzat hartu dituen ohiko gaiak, tonu surrealista neurtua duten irudien bidez plazaratuak: heriotza, denboraren igarotzea, adin batetik aurrera begi aurrean agertzen den desilusio existentziala… Bizitzaren aurrean existentzialki umezurtz geratu den gizakiaren mamuak agertzen dira poema horietan, zerbait sinetsi nahi duen gizakiaren ikuspuntua aurkezten baita, bizitza den kaos horri zentzuren bat emango dion sinesmena beharrezkoa sentitzen duelarik. Bizitzan aurrera egin ahala, gauza asko geratzen dira atzean, eta desilusiozko egoera horretan batzuetan amodioak, edo amodioaren oroitzapenak, eskaintzen du irteera bakarra.
Heldutasunezko liburua idatzi du Madariagak, eta, hainbeste literatur txinparta ikusgarri bezain hutsen aurrean, benetan eskergarria iruditu zait liburu hau irakurri ahal izatea.

1 comment:

Anonymous said...
This comment has been removed by a blog administrator.

-----

contador de visitas

Blog Archive