HIMALAIAN HIRU KOLORE



2009/04/01

ZULU DEMENTE

Bai, nahiko demente egon behar da horrelako tokitan sartzeko, baina dementziak mota askotakoak izaten dira, desoreka propioak agintzen dituzte egoera hauetan. Faltak buruan, faltak bihotzean, desloturak eta loturak.

Geu lotuta joan ginen burua zerura jartzera eten gabean, hango hormatzarrari atxikirik, tipi-tapa gorako bideari ekiten genion bitartean. Beti gora begira, bihotzez beteriko hegazkinak, ugatzak, saiak bikoteka, amildegiaren testurak, arnasaren etenak, eta beldurren bertikaltasuna ikusten genituen bitartean.

Gogotsu hasi ginen eguzkiaren gorritasunak ezpain baten kolorea horman jartzen zuelarik, baina 6. soka-luzean besoak ahituta sentitu nituen, Popeyerenak bezalakoak jarrita, egurtuta, egur bihurtuta. Hainbeste entrenamendua eta ezin Zulu kateatu.... Hortik gora spit batetik bestera saltoka jolastu genuen, azken metro gogorrenetarako genuen indar apurra gorde nahian.

Eta ondo atera zitzaigun, 300 metroren ostean horizontaltasunak bere espazioa aldarrikatzen duen tokian uhuka eta irrintzika ailegatu baikinen, ametsetako Zulu Demente bide ospetsua buruturik, nekatuta, baina era berean energiaz betetik.

Gure gainetik hegazkinak soilik, distantziaren geometriak marraztuz.

No comments:

-----

contador de visitas

Blog Archive