Bazter batean zegoen, geldi, herioak luzaturiko sokarekin elurretan loturik, mutu, hotz. Joan den urtean egin zituen senperrenak Broad Peak-ek dituen 8.047 metrotara heltzeko, eta baita lortu ere, baina indarrak erabat ahituta, gaua elurraren gainean pasatzea beste erremediorik ez zuen izan III. kanpamenduak eskaintzen duen babesera heldu baino lehen. Eta gaua krudelegia izan zen, ilunegia, hotzegia. Markus ez zen berriz iratzarri.
Bera zetzan tokitik pasatzean begirada arina, lotsatia eta penazkoa bota genion. Urrikalpen edota adiskidantza ezezagun baten zantzuak hartu gintuen bere gorpua ikusterakoan. Aurrera jarraitu genuen, joan den urtean bera haraino eraman zuen pasio berarekin, tontorreraino, eta puntan pozarren sentitu ginen. Jaistean, puntu horretaraino abiatu ziren lagunak Markusen gorpua errekuperatzen ari ziren. Etxera eraman nahi zuten eta hala egin zuten. Orain bere herrian dago.
Horiei buruz, mendia pasioz bizi izandakoei buruz idazti du Ramon Olasagastik Mendi Minez izeneko lan hunkigarrian, sentsazionalismoan erori gabe, morborik gabe, izan ere, ez dio heriotzaren momentuari inolako protagonismoa ematen, haien bizitzetan hartu baitu oinarria lan honek.
Mendiminez bizi izan ziren lan honetako protagonistak, mendirako pasioz, mendia zelako euren grina. Heriotza bainoago, batez ere bizitza aurkitu zutelako han. Felix Iñurrategi, Jose Luis Zuloaga Zulu, Manu Badiola, Atxo Apellaniz, Miriam Garcia, Xabier Ormazabal, Antonio Miranda, Mikel Ruiz de Apodaka, Xabier Ansa, Leandro Arbeloa, Gerardo Plaza, Ernesto Fonquernie, Jose Luis Domeño Pepe Rayo, Pumorin zendutako bost gazteak, Antxon Alonso, Xabi Guembe, Ruben Aramendia eta David Larrion. Hauen guztien ibilbidea laburbiltzen da liburuan, izaera bat erakutsi nahi duten lekukotzak emanez.
Mendiak zerbait indartsu du, guztiek arriskua bertan dagoela jakinda hara abiatzen direnean, eta erakartzen zaituen horrek indartsua izan behar du derrigor. Beti esan da alpinistak alferrikakoaren konkistatzaileak direla, zerbait absurdo egiten dutela, eta hala izango da, baina inoiz ezagutu den absurdorik erakargarriena da mendiarekiko grina.
Gizakia eta mendiaren arteko uztardura hertsia zail da esplikatzen, mendia, kirol hutsa baino zerbait gehiago delako. Inguru deseroso batean gizakiak dituen indarrak neurtu nahi ditu natura eder eta basatiarekin. Harreman honetako arauak ezagunak dira mendian ibiltzen direnentzat. Arriskua badago baina berez, inor ez doa mendira bizitza arriskatzeko helburu tentel eta soilarekin. Halarik ere, arriskurik ez balego, den-dena kontrolpean balego, basakeria natural hori hezteko modukoa balitz, seguruenik, mendiak bere erakarmena eta xarma galduko lituzke.
Seguruenik, Markus Kronthaler alpinista austriarrak ere bizitza osoan sentitu zituenak bezalakoak.